Iñigo Aranbarri.

Nire legea

2023ko abenduaren 24a
05:00
Entzun

Orwellen Anaia Handia hasia da mehatxuka Buenos Aireseko, Cordobako, Mendozako tren geltokiko bozgorailuetatik: «gobernuak hartutako neurrien kontra protesta egitera kalera atera eta bidea eteten duenari, laguntzak etengo zaizkio». Ezin orwelldarragoa dena, hizkeratik bertatik hasita: Giza kapitalaren ministerioa deitzen da amenazu egin eta agindutakoa beteko duena. 

Hasi besterik ez da egin Javier Milei Argentinako presidente hautatu berriaren motozerra, kanpaina garaian, hautagaiaren tximekin batera, hainbesteko grazia egiten zigun hura bertan ez geundenoi. Egunean-egunean ari da legeak ateratzen. Pesoa erdira debaluatzea izan zen aurrena, laguntzak kentzea etorri da gero, langileen soldatak dirutan beharrean haragi eta esnetan ordaintzeko aukera iragarri du herenegun.

Eta halaxe, urratsez urrats, Orwellen distopia errealitate bihurtzen ari da Argentinan Mileirekin. Estatuak ahulenei eman diezaieken babesa kenduta, kontrol soziala areagotuta eta langile otzanak tripa-truke lan egitera behartuta, Erdi Aroz ari zaie janzten etorkizuna munduko futbol txapeldunei. Hitzekin jostari, liberalismo libertarioa deritzo berak denboraren magia horri; merkatuko anarkista bere buruari Lucio Urtubia, Kaxilda Hernaez edo Buenaventura Durruti Ushuaian giltzaperatuko lituzkeen jaun presidenteak.

Eta orain jakin-minez gauzka, ea Argentina beti harrigarrian soilik errendituko den fenomenoa den ala munduan beste hainbat herrialdetan turbokapitalismoak ezarriko duen sistema izango dugun Erdi Arorako erregresio hau. Bitartean, jolas ergeletan eman dezakegu gabonaldia, harako diruarena galdetuta: haragiak eta esneak zoriontasuna al dakarte? Agian ez, baina laguntzen dute…   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.