Julio Soto.
LARREPETIT

Ni ez naiz Iñaki

2015eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Emmanuel dut izena. Nigeriarra naiz, Ikom hiritik ehun kilometrora dagoen herrixka batean sortua. Munduaren begietatik urrun, hain urrun, non eta urik ere ez den iristen gurera. Zazpi anai-arreba gara etxean, aitak nik joan behar nuela erabaki zuen, erraztasuna omen daukat jendearekin komunikatzeko; ez dakit. Urtarrilak hiru egun zituen etxetik alde egin nuenean. Sei besarkada jaso nituen, anai-arreba bakoitzeko bana. Amak negar egiten zuen, aitak eskua eman zidan. Orain urtebete iritsi nintzen Europara.

Jainkoa lagun, urte erdiren buruan Ceutaraino iristea lortu nuen. Poltsan neramatzan apurrak itsasoa igarotzerako gizon bati eman behar izan nizkion. Eta orain, hemen nago, Euskal Herrian. Bidean, kontatzeko bezala isiltzeko modukoak eginda. Egin behar izanda.

Hernanin pasatu nituen sanjoanak, Irunen eman nituen egun batzuk gero, eta suziria lehertu zenetik Iruñean nabil. Herritar asko eta asko ezagutu ditut hemen, ni bezalaxe gaueko hondarrak biltzera etorriak.

Gure etxeko astoa bezain kargaturik hasten ditut iluntzeak. Buruan txapel dorre bat daramat, gorriak eta zuriak. Ezker eskuan betaurrekoak zintzilik dituen kartoi bat, eta eskuin eskuan eskumuturrekoak. Besaburuak minez ditut aspaldian, karga gutxiko gauzak dira, baina gauak luze egiten zaizkit azkenerako.

Ahalegina egiten dut aldiro atsegina izaten, irribarre bat eskaintzen zuetariko bakoitzari, baina sumatzen dut agortzen ari zaizkidala. Mina besaburuetatik bihotzeraino baitoakit. Badakit ez zaituztegula bakean uzten, asko garela eta tarteka astun xamarrak ere bai. Nik ez dizuet eskatzen aldiro zerbait eros diezaguzuen, baina mesedez, ez gaitzazue goitik behera begiratu. Ez iezaguzue burlarik egin, ez iezaguzue adarrik jo ezer erosi behar ez duzuela dakizuenetan.

Nahikoa da begietara begiratu, eta «ez, eskerrik asko» bat esanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.