Noranahikoa behar genuen euskara, eta Lizardiren ametsa betea dugulakoan bizi gara. Suarez presidenteak bota zuelarik ez zegoela fisika nuklearra euskaraz ematerik, Jose Ramon Etxebarria atera zitzaion bidera. Eskolak ematen aurrena. Arrazoiak erakutsiz gero: «Bi gauza besterik ez da behar horretarako: fisika jakitea eta euskara jakitea».
«EH Bilduk lehiatu behar du nazio proiektu herritar baten zentzu komuna». Tronpatuta geunden, ordea. Nork pentsatu behar zuen errazago zela fisika nuklearra euskaraz ematea politikaz jardutea baino. «Alternatiba hori gorpuztu da dagoeneko, ukigarria da». Izan ere, hizkera politikoak eslogan laburretik harantz egin duenean, beharra sentitu denean erdaraz esan ohi dena euskaraz esateko, legarrez bete da ahoa: «Egon gara gure oinarriarekin hausnarketak eta proiektuak elkarbanatzen».
Interpelatu, egikaritu, erdigunean jarri, alderdien artean akordatu, masterra gauzatu du… zehaztu beharraren zehaztu beharraz, erdararik gabe nekez uler daitekeen erregistroa nagusitu da, loratu nahian bere buruarekin zango-trabatzen den neolingua bat, bihurrian bihurri, hutsean huts, euskarari bizkarra eman eta gure erdarak jakinda ere entelegatzen ez dena dagoeneko. «Erroei hautsa kendu eta balioa ematen segi». Neolingua performatiboa, antzezpen modu bat, ez idazteko, ez hitz egiteko, are gutxiago bizitzeko balio ez duen hizkera. Euskaldunik gabeko euskara bat.
Non egon gara orain arte administrazioaren ahuntz-erdararen mailara ere ez iristeko? Komunikatiboa behar du izan hizkera politikoak. Ulergarria, zehatza, esan-indarra behar du. Eta euskalduna badu gogoan, euskaraz behar du. Ez da txarra Etxebarriarena: bi gauza behar dira horretarako.