Bazkari, afari eta espezie anitzeko otorduetarako egun hauetan Suni Williams eta Butch Wilmore astronautekin gogoratu naiz. Ekainaren bosgarren egunean aste baterako atera ziren Nazioarteko Estazio Espazialera. Lan bidaia zen, baina Hanburgo edota Londresera joan beharrean Lur planetako azaletik 400 kilometrora daude. Hara joan ziren Boeing Starliner batean, baina hamaika arazo tekniko egon dira, eta han nonbait jarraitzen dute, eta jarraituko dute, gutxienez, martxora arte. Garraiobide alternatiboa behar ei dute itzultzeko, eta NASAko arduradunek pentsatu omen zuten, agian, SpaceX kapsula batean itzul zitezkeela, baina hori ere baztertu dute. Hortaz, espazio hurbilean jirabiraka dabiltza, deslai, Suni eta Butch.
Etxetik kanpo, aste bat pasatzeko, zer atonduko zuten? Zenbat kulero? Haginetakoa aldatu ote dute? Eta libururik geratzen ote zaie irakurtzeko? Ondo konpontzen dira Suni eta Butch? Espazioan daramaten denbora honetan zenbatetan aldatu dituzte medikuekin zituzten hitzorduak? Errenta aitorpena egin die norbaitek? Oporrak akumulatzen ari dira ala galduko dituzte? Dagoeneko denborari osterantzeko zentzua hartu diote ala erlojua eskumuturrean jarraitzen dute? Zelakoak dira amesgaiztoak espazioan? Irakurri dut konpartitzen duten espazioa futbol zelai baten neurrikoa dela. Espazio gutxi edo asko. Hortaz, egunotan: etxekoekin, odolekoekin edota zelanbaiteko estropezu existentziala egiten dizun norbaitekin bazaude, akorduan izan ezazu okerragoa izan zitekeela, eta itzulerarako datarik gabe, neurri txikiko eremuan egon zintezkeela, naufrago, jasangaitza den norbaitekin.