Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Natalia Ginzburg eta isiltasuna

2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
XX. mendeko narratibako izen handi bat izan zen Natalia Ginzburg. Mende hartako handi gehienak bezala, ez zen soilik nobelista izan. Eta editorea, besteak beste Primo Levi eta Italo Calvinorena, adibidez. Eta eman zituen italierara Proust, Duras eta Flaubert, esaterako.

Bere bilobari egindako elkarrizketa batean, Lisan aitortu zuen idazlearengan «bazela isiltasun bat, isiltasun sakon eta intimo bat. Bere egun gogotsuetako zaratan sumatzen zen bakardadean idazten pasa zituen orduen oihartzuna». Loari lapurtzen zion denbora bere «nagusia» zenari emate- ko: behar goren bat zuen, berari bakarrik makurtzen zen, berari bakarrik obeditzen zion, idaztea zen bere bizitza. Lisaren arabera, Nataliaren barreneko isiltasuna bere aurpegian irakur zitekeen, «bere begiak erdi-ixteko moduan, bere inguruan gertatzen zena adi entzuteko ahaleginean murgilduta egoten zen, entzun egiten zuen gero digeritzeko. Pentsamenduen hausnarketa omen zen [Nataliaren] gogoko ideietako bat eta hala erabiltzen zuen ezer ere egiten ez zuen aldiak justifikatzeko. Esan ohi zuen nagitasunak ez zuela ezertarako balio, nahiz eta gure buruak soilik hausnar dezakeen ezer ere egiten ez duenean».

Faxistek bere senarra, Leone Ginzburg, erbestera bidali zutenean, eskutik joan ziren Natalia eta bere bi seme-alabak ere. Gerora idatziko zuen «ez zuela ulertzen nola idatz zitekeen seme-alabak bazenituen». Erbestealdi hark emango zion, ordea, Hirira doan bidea-ren argudioa (Pello Lizarraldek euskaratua: Igela 2001).

Erbestea erbeste, Bigarren Mundu Gerrako une haiek zoriontasunez gogoratzen zituen Nataliak. Ez bere hurrengo nobela idatziko zuenean bezala, poliziak bere senarra hil berritan, «malenkonia sakon batean». Isiltasun bakoitzak baduelako iturburu diferente bat, nahiz eta guztiak izan idazketaren haurdunaldi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.