Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Napardeath

2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
«Guardia Zibila, 175 urte zure ondoan» da erakunde armatuak bere urteurrena oroitzeko —eta oroitarazteko— aukeratu duen goiburua. Gure ondoan, gure gainean, atzean zein aurrean izan dira 175 urtez —neuronen arteko ausazko talka jostalariak zer diren, Guardia Zibilarena ezagutu eta berehala beste lelo bat, «40 urteko bakea», etorri zait burura; jakin ezazu zergatik—, eta, noski, efemerideak bere neurriko ospakizuna eskatzen du. Erakunde armatu bakezaleak hainbat ekitaldi antolatu ditu Nafarroan: bakea ezartzeko erabiltzen dituen teknika ez-bortitzak erakusteko, tiroka aritu dira guardiak Iruñeko zezen plazan —eta dohain erakustaldiaren irudiek iazko beste urtemuga bat oroitarazi didate, 2018an 40 urte bete baitziren 1978ko sanferminetako gertaerak izan zirenetik. Neurona bihurriak—; Altsasun, Foruzaingoaren laguntza solidarioaz, azken hiru hilabeteetan 142 kontrol eskaini dizkie Sakanako bizilagunei —ezagututa erakunde armatu bakezale saiatuak mugak gainditzeko duen bokazioa, erronka «175 urte, 175 kontrol 175 egunetan» izanen zen segur aski—; eta, berriz Iruñean, oinkada martzialez desfilatu dute berdez jantzitakoagenteek hiriburuko karriketan barna.

Jarraitu du festak eta argazki gogoangarria utzi digu ospakizunak: Alli eta Sanz presidente ohiak Del Burgorekin —hura ez zen presidente izan, ezta?— solasean bilduak. Hirukotea eta Alliren txapel kondekorazioduna ikusita, Napardeath film apartako pertsonaiak —zonbiak, banpiroak eta zonbiroak— irudikatu ditut. Zinema aretoan egin bezala, barrez lehertu naiz hil bizidun foralak ikusi ditudanean; bestelako sentimenduak izan ditut, ordea, ohartu naizenean zonbien oinordekoek boterea eskuratu eta Nafarroa zonbi-herri bihur lezaketela, baita argazkiaren kokapenaz oroitu naizenean ere: erakunde armatu bak... Guardia Zibil beldurgarria goraipatzeko festan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.