Maider Galardi

Nahi ez nituen akronimoak

2024ko maiatzaren 9a
05:00
Entzun

Ez dakigu A, Z edo I zaren. Jakin nahiko nuke C, S edo F-rekin hasten den zure izena, eta zerk huts egin duen, dizun. Ez dut ohikoan egiten, baina gaur ahalko banu, zure izena osorik eta letra larriz idatziko nuke zutabe honetan Camille, Marie, Fatima, Sarah, Ihintza. Letra larriz idatziko nuke eta plaka bat iltzatu Paris hotelean. Zure izena oihukatuko nioke prokuradoreari eta galdetu ZERGATIK, ZERGATIK, ZERGATIK huts egin duen denak. Ospitalean galdetu nahi dut nola deitzen zintuzten, eta zuri galdetu nahiko nizuke ea ondo artatu zaituzten bertan. Duela astebete «desagertu» zinen. Hil zintuen ondoren, eta orain jakin dut mugimendu feministari ez diotela zure izena esan, eta, beraz, ezin dizugula egin izendun aitortzarik. Ez da morboagatik. Errekonozimendu publiko bat egiteagatik baizik, indarkeria matxista auzi politikoa dela aldarrikatzeko, eta salatzeko erakundeek huts egin dutela. Jende askok lotsaz burua jaistea merezi duzu, kale bat edo plaza bat ere bai, eta toki bat gure memorian. Ez zara bakarra. 2003tik indarkeria matxistak hildako beste 118 emakume eta 12 haurrek ere badute lekua gure oroimenean. Oxala gure kaleko paretetan eta solasetan ere bazenute.

Egia esan, oxala erakundeek ere gogoan izan bazintuzte eta hona iritsi ez bagina. Prostituzioan aritu zinela, aurrekari psikiatrikoak zenituela, ihesean zenbiltzatela, harremana gatazkatsua zela… hamaika izan dira zure izana zikintzeko eta instituzioen praxi txarra zuritzeko argudioak. Gustu txarrekoa litzateke orain Frantziak indarkeria matxistaren legea onduko balu azkenean eta zure izena jarriko balio. Hobe zuten lehenago ondo funtzionatu balute. Aurreko astean, Ziburun, urtarrilean. Hobe genuke denok ere kaleak lehertu eta erantzukizunak eskatuko bagenitu zure eta zuen izenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.