Hedoi Etxarte

Nabokov Miarritzen

2025eko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Miarritzek garai hartan oraindik bazuen haren esentzia puruena. Masustondoen sastraka haustunak eta gure txaletera zeraman bidearen inguruko belar txarrez inbaditutako terrains à vendre. Carlton-a oraindik eraikitzen ari ziren. Hogeita hamasei urte pasa beharko ziren Samuel McCroskey brigada jenerala Hôtel du Palais-en ezarri arte, antzinako jauregi baten orubean dago orain, joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan Danel Home, medium izugarri bizkor hura topatu omen zuten, zurrumurruen arabera, leunki oinutsik kolpatzen (mamu baten eskua bailitzan) Eugénie enperatrizaren aurpegi atsegin eta sinesbera. Kasinotik gertu dagoen paseoan, kedarrezko bekainezko eta irribarrea gehiegi makillatutako adineko lore-saltzaile batek trebeki sartzen zuen krabelin baten enbolo gizena ezustean harrapatutako paseatzaile baten botoi-zuloan [...]».

Oraindik ez dut ulertu eta, agian hala izango da betirako, zergatik egiten zaizkidan hain deigarriak etxekotzat jotzen ditudan tokiei buruz idatzi dituzten piezak. Horregatik, guztiz bestelako arrazoiengatik Vladimir Nabokov-en Speak, Memory irakurri eta zazpigarren atalarekin topo egiterakoan, gizon hura Lapurdin irudikatu nuen.

«Hark erakutsi zidan, eta haren lezioa ordutik nire memoriaren beirazko zeluletako batean gorde dut, euskaraz tximeletari misericoletea esaten zaiola, ala soinu hori izan zuen, behintzat, niretzat (hiztegian aurkitu ditudan zazpi hitzetatik, antz handiena duena micheletea da)».

Halako batean Oskar Alegriaren Emak bakia eta Jon Mirande etorri zitzaizkidan burura, Paris eta Madrilen arteko tren geltoki hark ekarri digun pertsonaia horietako bat delako Nabokov: «Gure Miarritzeko bi hilabeteko egonaldian nire Colettekiko pasioak Cleopatrarenekikoa gainditu zuen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.