Hedoi Etxarte

Nabluseko tomate saltzailea

2024ko uztailaren 13a
05:00
Entzun

Liburuak apalez aldatzen ari nintzela, banituela oroitzen ez nintzen zenbait libururekin egin nuen topo, tartean, Eric Hazanen A travers les lignes. Textes politiques. Orduan jabetu nintzen ez zutela bat egiten liburua eskuratu nuenean harengandik espero nuenak eta gaur egun bilakatu denak. Duela zazpi urte, Hazanen testu llaburren bilduma zizka-mizkaren irakurgosea asetzeko hartu nuen. Baina berriki hil da Hazan eta orain, gero eta testu gehiagorekin bezala, testamentu bat iruditzen zait.

Liburuan Palestinaren suntsiketari buruzko testu bat baino gehiago dago. 2013ko batean irakur daiteke: «Itxura egiten dugu pentsatuz ‘gatazkaren aterabidea’ palestinar estatu bat sortzeak ekarriko duela. Ideia oso zabaldua dago agindupeko hedabideen bidez beren burua informatzen dutenen artean. Baina gaiaz dakitenek, dauden ertzean daudela, badakite benetako palestinar estaturik ezin dela existitu. Badakite posible dena dela —eta egunen batean etor daitekeena— estatu txotxongilo bat, bere mugen eta ekonomiaren kontrola izango ez duen protektoratu bat, itsasorako irisbiderik izango ez duena, ezta komunikazio zuzenik ere auzoko estatu arabiarrekin, ez lurralde jarraitutasunik, ezta haren populazioa haren lurraldearen baitan defendatzeko gaitasuna ere».

Israelek hamarnaka milaka palestinar hil ditu ordutik, dozenaka hiri eta herri suntsitu ditu britainiar armadaren hegazkinek Alemanian baina modu sadikoagoetan; ordea, Hazanen testua gaurkotasun beldurgarriz dago idatzia: «Itxura egiten dugu pentsatuz palestinar autoritateak palestinar herria ordezkatzen duela eta beraz haren izenean egindako negoziazioak zuzen ditzakeela. Denok dakigu, ordea, ‘Autoritate’ horrek ez duela zilegitasunik txikiena ere zeren azken hauteskundeetan, benetako garailea Hamas izan zen, 2006an egin ziren. Eta ‘Palestinar’ Autoritateak kudeatzen duen lurraldean palestinarren herena besterik ez dela bizi, Gazakoak gelditzen direla kanpo, errefuxiatu eremuetakoak, diasporakoak eta Israelen bertan milioi bat palestinar daudela Ramallahko sasi-gobernuak ahaztuta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.