Astelehenean Euskadiko Orkestraren denboraldia hasi zen, ez Gasteizko Printzipal Antzokian, eraberritzera baitoaz, baizik eta Kontserbatorioan estreinakoz. Kontzertu txikiagoetan —musikari kopuruan txikiagoak— egon izan naiz, baina Orkestra bere osoan entzutea, Mahlerren bederatzigarren sinfoniarekin areago, sekulako erronka izan zen, eta gozatua. Ez okertu: ez naiz sanedrin horretakoa, ez bestetakoa: musika kontuetan Haur Hezkuntza errepikatzen nabil ni beti.
Jesus Guridi Kontserbatorioa —hala dio webgunean— 1928an hasi zen, udalak zabaldu zuenean jatorrizko muinoaren goialdean. Txikitan Foru Kalea hasi eta buka iragan, Resbaladeroa igo, «Aldapa»-tik amona bizi zen Kutxi kalean sartu (ofizialki «Aztogile kalea»), Kirol eta La Riojana tabernen arteko kantoia igo, eskuinetara egin eta hantxe zegoen, gaur egun udalak enpresa txikiei ostatu ematen dien eraikinean. Duela ez hainbeste Arabako Alea aldizkaria bertan bizi zen.
Atezaina bart ikusi banu bezain ondo gogoratzen dut. Luzexka eta argala, betiere bata urdin batez jantzia, betiere serio antzean, gora eta behera, sartu eta irten genbiltzan neska-mutilok kontrolatu beharrez. Artean gu gehienok zintzo-zintzoak ginen —Francoren garaian heziak—, eta gure bekatu handiena eraikineko sarreran lau izkinetara jolastea zen. Aukera zen orotan, gu han. Tarte politak eman genituen olgetan. Halako batean atezaina agertu, gu beldurtu eta bota. Denboraz humanoa ere bazela ikasi nuen...
Bederatzigarrena Mahlerren agur-testamentutzat hartu izan da: heriotzaren aierua, bizi-poza, frustrazioa eta amaierako isiltasuneranzko bidea. Esango nuke bart harekin bat egin nuela. Baina gaur, hartaz idatzi nahi eta izenik gabeko atezaina ezin kendu burutik.