Ez ditut soportatzen Mister Wonderful esaldiak, eta badago bat bereziki sutzen nauena, nahiz eta aski popularra den: «Beldurra baduzu, egizu beldurrarekin, baina egizu». Ulertzen dut zaurgarritasuna adieraztearen balio erantsia, eta une oro sendo agertu behar ez izateak ekartzen duen lasaitasuna. Baina badago zerbait belarrira ongi sartzen ez zaidana. Zergatik ez dugu onartzen beldur batzuek behar dutela denbora, batzuetan ezin dela besterik gabe egin, egon behar dugula, gorputzak ez digula uzten, eta are gutxiago geure buruarekin borrokan ari bagara?
«Beldurra baduzu, egizu beldurrarekin, baina egizu». Kaltea egin dit esaldi horrek, hiru urtez tren bat hartzera ausartu ez naizen bakoitzean. Nire pentsamendua izango zen, bai, baina nire gorputzak hitz egiten zuen nigatik. Jaitsi izan naiz Añorgako geltokian Lasartetik Donostiarako bidean, zorabiatuta, izerditan, bihotza taupaka. «Beldurra baduzu, egizu beldurrarekin, baina egizu». Gomendioa gure alde dela diozue, baina egiaz presa duzue «aldrebestuta» dabilen jendea «buru osasunez ondo» ikusteko berriz.
Pasatu nuen trenarena, eta udan gainditu hegazkinarena. Azken egunetan, berriz, bederatzi orduko hegazkin bidaia baten erronka bete dut. Neure buruarekin aritu naiz borrokan bost urtez, gorputzak ez zidan uzten, eta inbidiaz egon naiz, baina pazientziaren alde egin dut. «Beldurra baduzu, egizu beldurrarekin, baina egizu». Utikan autosuperazioa, eta gora elkarren zaintza. M-k goxatu nau hegazkina hartu aurreko asteetan, beste M-k trikimailuak eman dizkit kontzertu baten erdian ahapeka, Z-ri eta A-ri eskatu diet idatzita dudan panikoen aurkako protokoloa irakurtzeko. Amak, A-k eta O-k behar nuen sinesmen dosia eman didate. A-k gehiago ordaindu du nire ondoan etortzeko, K-k esan dit ea lekua aldatzea nahi dudan. Azkenean, azafatek jarri naute eserleku irekiago batean. Z-k eskutik heldu dit fuerte. Kasik ezagutzen ez nuen M-k begirada konplizea eskaini dit. Dena ondo dago. Eta ni hegan, osoki animalia izu, munduko ateak parez pare eta jende ederrez inguratuta.