Blanca Urgell
LARREPETIT

Munduaren zilborrean

2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Herkulesen Zutabeen bestaldeko itsaso behinola ezezagun horretan omen datza Atlas urpean, Lurrari eutsi eta eutsi, Zeusek emandako zigorra betetzen menderen mendetan. Hortik omen Atlantikoaren izena grezieraz, bai eta Atlantidarena ere.

Juan G. Atienzak (1930-2011) «Guztizko Zientzian» sinesten zuen, non jakintza eta sineste guztiak batzen diren, zientzia ofizialaren itsukeriari aitzi. Euskaraz balego Atlantidatik bizirik iraun zutenak (1978) izena zukeen noizbaiteko best-sellerrean azaltzen du Euskal Herriko jentilak atlanteak zirela, Atlantidan garatu zen zibilizazio guztien aurreko zibilizazio bikainaren ondorengoak. Hura Poseidonen indarrak hondoratu zuenean —Kanariak haren mendi gailurrak lirateke, zenbaiten iritzian— bizirik iraun zutenek hango jakintza eta botereak berekin eramanda sakabanatu ziren. Erroldan harria (Aralar) eta Sanson harria (Aballarri, Donostialdea) lekuko, besteak beste.

Euskaran ere idoro zituen horren lorratzak: Hermes jainkoaren izena euskaraz ere-mezu omen da, 'mezularia' hain zuzen. Atienza heziketaz erromanista bazen ere, ez zuen ikusi mezu mailegu erromantze begi-bistakoa (lat. missum 'bidalia'), hots, Kristo baino sei bat mendez beranduago mailegaturikoa, demagun. Zer ez ote zuen idatziko erraldoi Erroldan-etik datorrela jakin balu?

Iturria agortezina da. 2020ko abenduan ondarearen aurkako delituengatik Ertzaintzak E. D. detenitu zuenean, ezagun zutenek bidenabar zabaldu zuten beraren ustez Atlantida Eginon dagoela (Asparrena), Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa batzen diren gune menditsu eta harpetsuan. Zibilizazio haren zantzu ugari bildu uste ditu, hartzuloetan bizi, hormetan idatzi eta hibernatzen zekiten izaki batzuena. Harrietan sumatu dituen aurpegiak mineral intrutsioak baino ez dira adituen ustetan. Ze negatiboak. Nola ez zitzaigun lehenago bururatu. Atlantida non egongo eta…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.