Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Momentua

2012ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Gogoan dut momentua bizitzen saiatzea alferrikakoa zela esaten zuela. Garunak ez digula horretan laguntzen. Garunak etengabe pentsatzen duelako, baina ezin, momentukoaz. Beti pasatakoaz eta etortzear denaz. Iraganekoa erabiltzen dugula etorkizunekoak erabakitzeko. Hala zioen zientzialariak. Momentua bizitzen ari garen bitartean ezin diogula utzi datorrenari buruz pentsatzeari etabizi izan dugunaz hausnartzeari.Eta etengabe bien arteko konparazioa egiteari. Horregatik dela ezinezko eta, ondorioz, alferri-kako momentuaz gozatzeko mezua.

Gogoan dut momentuan pentsatu nuela egunen batean zutabe baterako gaia izan zitekeela. Gogoan dut momentuan pentsatu nuela arrazoi izango zuela zientzialariak, etorkizun zen hartaz pentsatzen ari nintzelako. Eta orain, momentu hura iragana denez, onartu egin beharko dut ez zela hain zentzugabea irakurtzen ari nintzena.

Baina zutabeak ez dira bizitza. Momentu haren eta momentu honen artean ere bizitzen jarraitu dut. Momentuka. Jada iragan diren momentuak, denak, hauxe izan ezik. Eta orain, momentu honetan (nire momentu honetan, ez zurean) errepikatuko den orduaren zain nago. Nahiago ordubetea oparitzen digun aldaketa ordubete zulo beltzak irentsita geratzen denekoa baino. Fantasia hutsa da. Eta konbentzio bat besterik ez. Alegia, hiruretan erlojua aldatzeak eta berriro ordubietan jartzeak ez digu denboran atzera egiteko aukerarik ematen. Ez da etorkizunetik iraganerako bidaia. Baina pentsatzea libre da. Eta nik pentsatuko dut gaur goizaldeko ordubietan egin asmo nuena egiteko indarrik ez badut izan eta hirurak iritsi badira bigarren aukera emango didala erlojuak ordubietan egin asmo nuena egiteko.

A, baina ordubiak joan dira. Aspaldi. Bi aldiz, gainera. Momentu hau beste momentu bat da. Ez egin kasurik zientzialariek esaten duten guziari. Eta aprobetxatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.