Artikuluaren izenburuak berehala erakarri du: Garunaren eta antsietatearen elkarrizketa. Orria pasatu du, ordea, beste kontu batzuetan arreta jartzeko. Pentsatze hutsak mamua esnatu dezake. Izenburuak, baina, bihotz-altxagarri den zerbait du: elkarrizketa hitza; ez sufrimendua, ez iluntasuna. Ideia horri helduta atzera itzuli eta poztu da azpitituluan irakurri duenean antsietatea tratatzeko erabilgarria izan daitekeen molekula aurkitu dutela. Mamua ohartu gabe irakurtzeko modukoa izan daiteke beharbada.
Arrisku egoerak hizpide abiatzen da artikulua: errepide erdian bazaude eta kamioi bat agertzen bada, gorputzak azkar erreakzionatu behar du, segundo batean garunak beldurra prozesatu behar du zu errepidetik aldentzeko. Halako egoera batean, normaltzat joko genituzke izerdia, bihotz taupada azkarrak eta arnasa hartzeko zailtasunak. Horregatik, antsietatea organismoak mehatxutzat hartzen dituen egoeren kontrako erantzun natural gisa uler daiteke.
Sintomak irakurtze hutsarekin ezinegona piztu zaio, baina kontrolatu dezakeelakoan, jarraitu egin du. Defentsa mekanismo hori inongo arrazoirik gabe aktibatzen da antsietatea daukaten pertsonetan, eta baita horrek dakartzan gaitz guztiak ere.
Egunkaria itxi du. Zezakeela uste zuen, baina ezin du. Ez da iritsi molekula esperantzagarriaren atalera, taupadak bizkortu zaizkio, arnasa estutu. Mamua esnatu da. Ez dago zergatirik, ez dago arriskurik. Gaixotasuna omen, baina bera ez da gaixo sentitzen, baizik eta ahul, txiki, ezdeus. Irakurtzeko gai izan den azken esaldia errepikatu dio bere buruari: arrazoinamenduak ezin du deus egin une honetan. Ea aurki molekula horrek egin dezakeen.