Erreportaje batzuetan ikusi dut gazteen artean liburu-dendak modan jarri direla. The Guardian-en eta The New York Times-en aipatzen dutenez, gorantz doan joera da. Ez dakit zergatik lotu dudan slow mugimenduarekin, alegia, denbora behar dugula: jateko, lan egiteko, lagunekin egoteko, eta, nonbait, liburuak erosteko ere bai. Gazteak liburu-dendara sartu, kuxkuxeatu, eta azkenean hainbeste eskaintzaren aurrean, sapiens-ari galdetzen diote: «Zer eros dezaket?». Artikuluetan, baina, irakurketari aipamen ñimiñoa ere ez zaio egiten. Liburu-dendak deskubritu ei dituzte denboraren tiraniatik kanpo dauden arnasgune bezala. Beraz, liburua erosi, eta gero, zer? Erreportajeetan ez da ezer esaten, badiotsut, eta atera dudan ondorioa da: liburua erosi, ergo, irakurriko dute, pentsatu dutela.
Espainiako Liburu-denden 25. Topaketetatik (2022) atera zen ondorio bat aurkitu dut: kaleratutako liburuen %86k ez dute 50 ale salduko, eta bakarrik kaleratutakoen %0,1ek salduko ditu 3.000 ale. Hemen ere, slow. Aurton Estrasburgon egin den Frantziako Liburu-denden Topaketen harira, liburu-dendetako sindikatuak aipatu zuen agerizkoa dena: gainekoizpena. Liburu gehiegi ekoizten da eta denbora gutxiegi ematen dute liburu-dendatan. Montreuileko liburu dendari batek, Amanda Spiegelek, zioen kutxak husten ematen dutela denbora, eta ekoizpenaren gelditze drastikoa ezinbestekoa dela. Irakurleak, aldiz, ez dira modu bertsuan hazi, eta erosketan gastatzen dugun dirua ere ez.
Nik ere sentitzen dut liburu betekada, eta maiz, akorduan izaten dut Alan Bennett-ek sortutako pertsonaiak sentitzen zuen antsietate literarioa: bizitza hau ez da nahikoa kaleratutako liburu guztiak irakurtzeko.