Zientzia fikzioak, bere atmosfera eta atrezzo futuristarekin, beti hitz egin du orainaz. Kontrakoa badirudi ere, gure beldurrez, minez, ezintasunez dihardu. Horregatik uste dut, etorkizuna den horretaz aritzen garenean, oro har, ez garela gai gure oraina gainditzeko. Lehengoan lagun batek esan zidan etorkizunean denak konektatuta egongo garela, eta zainetatik (edo) eramango dugula ez dakit zein txip eta hortik egingo ditugula gauza guztiak. Txip hori dena izango da. Nik, prezio berean, esan nion ezetz. Etorkizunean isiltasun eta deskonexio telematikoa izango dela klasea zehaztuko duena. Alegia, etenik ez duen striptease existentzialarenak atzerako kontua hasi duela. Eta neurri batean, ondo, zein nezesidade dugu kaka-tokian dagoen edozeinen selfie bat ikusteko?
Misterio oro amaitu da. Dena agertzen dugu, dena dakite gutaz, dena dakigu besteaz, noiz konektatu den, noiz deskonektatu den. Uste dut misterioak pizten duela gure jakin-mina, eta gaur egun ia ez dago misteriorik. Gu ezagutzeko pizgarririk izan dezan ez dugu misterio erdi ere utzi bestearengan. Eta uste dut misteriorik ez duenak ez duela etorkizunik izango. Itzaltze sasoia dator, eta dagoeneko zenbait tokitan hasiak dira bidea urratzen. Eta itzaltzearekin ez dut esan nahi garai ilunak datozenik (zein garai ez da latza izan, esadazu, irakurle estimatua); esan nahi dudana da zerbaitek ezarriko duela haustura hori. Zerk? Ez dakit, nekeak, betekadak edota asperdurak; agian deslilura izango da. Litekeena da benetakotasunaren beharra sentitzea, edo, azkenik, zeure buruaren kontrola berreskuratzeko garaia dela erabakitzea. Berrikasi beharko dugu, hortaz, hamaika gauza. Beti bezala.