Blanca Urgell

Minutugarrenean

2024ko maiatzaren 29a
05:00
Entzun

Eguzkia atera da azkenik hodei pisuen artetik. Alai egoteko unea izan liteke, askok aurreko egun euritsuetan itxarondakoa, hondartza usaina dakarrena, edo mendira ibiltzera gonbidatzen zaituena, edo akaso leihotik begira begiak igeri egitera distiratsu bihurtu diren zuhaitz-hostoen berdean.

Egun batzuetan alaitasunak barrenak betetzen dizkizu eta gogoa zabaltzen da argitasun berezi batez. Minutugarrenean semeari atzamarra hautsi diote ikastolako kiroldegian eta jadanik igeltsua jarrita ikusten duzu, oraindik minez, buru-makur, aitak eskolatik ekarri berritan. Edo mezua sartzen da, klik, eta dena delako erakundeak jakinarazten dizu biharko ez bada etziko ikerketa-proiektuaren bi urteko justifikazioa egin behar duzuela. Edo senarra ez da onik altxatu, eta Osakidetzaren ospitale bateko iktus-unitatean amaitzen duzue, larrialdietatik igaro ondoren. Edo ahaztu duzu asteartea dela, eta zutabea idazteko daukazu, azterketak zuzentzen amaitu behar zenuela uste zenuen une berberean. Edo mesanotxetik gelako atera doan eguneroko bide laburra egin ustean, ilunpetan okertu eta estropezu egin duzu eta kolpe demasa hartu tiradera-altzariaren aurka oporretara irten baino pare bat ordu arinago.

Edo Rafahko kanpa-denda batean zaude, bildu ahal izan dituzun puskak inguruan, alabatxo bat, edo bi, edo hiru inguruan lotan, semetxoak ere bai, agian azkena sabelean. Goizean ondo astindu dituzu estalkiak, haizeztatu ere bai ondo; zerbait jaterik izan dute gaur denek, eta goza dezakezu umeen arnasen lasaiaz. Minutugarrenean...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.