Larrepetit

Minak

2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Min hartu duzu. Negarrez hasi zara. Korrika joan naiz zuregana eta besoetan hartu zaitut. Kontsolatu nahi zaitut. Zure minak min ematen dit. Babestu nahi zaitut. Une honetan aukera izango banu, zure min guztiak uxatzea nahi nuke. Betiko.

Minez zaude. Sukarra duzu. Ezin duzu lo egin. Zure ondora joan naiz eta eskua jarri dizut kopetan. Aurpegia laztandu dizut, betazaletan musu eman eta masaje arina begien inguruan. Hitz goxoak esan dizkizut. Zu lasaitzea nahi dut. Babestu nahi zaitut. Une honetan aukera izango banu, zure min guztiak uxatuko nituzke. Betiko.

Minduta etorri zara. Nigana iristean malkoz bete zaizkizu begiak. Ezin didazu adierazi zerk eman dizun min. Ez zaizkizu hitzak ateratzen. Nik galdetzen dizut, eskolan? lagunak? irakaslearekin? zer gertatu zaizu? Zure sufrimenduak korapiloa eragiten dit bihotzean. Une honetan aukera izango banu, zure atsekabe guztiak ezabatuko nituzke. Betiko.

Triste zaude. Zerbaitek jo zaitu. Bihotzean. Ez didazu esan zer den. Akaso, zuk zeuk ere ez dakizu. Baina hor duzu. Begiradan sumatzen zaizu. Mugimenduetan. Guztiz egon gabe egote horretan. Begi arteko ximurrean. Samindura kendu nahi dizut. Alaitasuna itzuli. Mingarria da niretzat zure tristezia. Une honetan aukera izango banu, zure min guztiak eragotziko nituzke. Betiko.

Handia egin zara. Zurekin hitz egin dut. Zure bideaz eta nire bideaz. Asmoez eta gogoaz. Barreaz eta negarraz. Ikasten dugunaz. Ikasi duzunaz. Haurtzaroa gogoratu duzu. Elkarrekin bizi izan genuen. Ezagutu nituen zure pozak, kezkak eta beldurrak. Ezagutu ez nituenak ere zure bizitzaren zati bat dira jada. Ez nintzen izan zure minak uxatzeko gai. Ezin izan nituen zure penak eragotzi. Ezin izan zintudan sufrimenduez babestu. Gaur irribarrez mintzatu gara haietaz. Pozak bezala, etorri ziren eta joan dira. Haiekin guztiekin handia egin zara. Haien bidez egin zara handia. Eta hori ospatzen dut gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.