Elurrak gainak hartu ditu. Leihotik ez dut Gorbeia ikusterik, baina bai Elgea, Urkilla, Altzania eta gorago Aizkorri. Ekialderago Entziaren gain elurtuak ere ikusten ditut.
Inguru horietako herrietan bizi zen Araba ekialdeko azken euskara. Bonaparteren garaian (c. 1860), Elgean ongi, baina hiltzear omen zegoen Ozetan, Hermuan eta Larrean. Aurreko mendeko ekialdeko euskaldunak ezagun ditugu: Julian Gartzia Albeizkoa, Araian apaiz izandakoa, Acto contriciocoa eriotzaco orduraco idatzi zuena (c. 1778), eta Juan Bautista Gamiz sabandoarra, Dabilzentxoak izen politeko bertsoen egilea (izena hobea bertsoak baino).
Ez da, bada, harritzekoa mendi horiek euskal izenak izatea. Asko garden-gardenak, elkartuak (Maillukate, Naparbaso, Mugarriluze, Mirubixkar…) zein eratorriak (Urkitza, Mirutegi…). Gogokoenak Arboligaina, hasiera horrengatik; Larrangoiti, hau da, batuaz ‘larrean goiti’; Burgamendi, akaso burgo > burga- aldaketaren lekukoa (hala nola baso-tik basajaun); eta Petrinaitz, ‘Petiriren haitza’, antza.
Izenok noizkoak diren, eta galdera horri erantzun behar banio, postura egingo nuke ez direla Neolitokoak. Zergatik, eta gardenak direlako, hain xuxen. Edo atzo goizean ipiniak dira (Erdi Aroa atzoko goiza da Neolitoaren aldean), edo euskaldunek herri-etimologiaz egokituak, hau da, izen ilunak ulergarri bihurtu beharrez aldatuak.
Horregatik, ikertu behar banitu, ez hain gardenak direnetatik hasiko nintzateke: Abitigana, Imeleku, Lazkueta, Oburu, Sekillaga… eta Milpiribil, erreduplikazioaren erregea (*bil-biri/bili-bil).
Milpiribil biribila ote den begira ibili naiz, baina Interneteko leihotik ere ez dago dena jakiterik. Mendira itzuli beharko naiz, belaunek ezetz esan ezean.