Ez dakit nola gogoratuko duten euskal erditarrek Iñigo Urkulluren hagintaldia. Ez dakit nola epaituko duten historialariek, nola bilduko duten liburuek. Eta egia aitortzeko, nik, gaixo semiotiko, ikara dut kezkatzen nauelako ahaztuko ote den, ez ote duten ondo jasoko datu ekonomikoen, kohesio sozialaren eta autogobernuaren gaineko analisien artean, lehendakariaren hitzolaren ahalegina.
Lehen, sinpleagoak ziren gauzak. Ibarretxeren garaian maiz entzuten zen «euskal bestelakotasuna» (egia esan ez zen entzuten, gazteleraz erabili izan baitute beti politikariek eta kazetariek) mudaturik eta aberasturik ageri zaigu Urkullurekin. Ukaezina da. Aipatu bestelakotasunaren definizioan, urrats ikaragarrarria eman da urte hauetan: hasieran, «euskal oasia» izan zen; gero, proposatu orduko itzalik erakutsi ez duen «foru nazioa»; orain, «mikroklima politikoa».
Hiru saiakera, hamaika zaplazteko. Jartzen naiz Urkulluren tokian eta Gernikako Arbola bere onetik ateratzekoa da. Ez du ederra izan behar begien bistakoa hitzez ematen hasi eta alderdikideez kanpo inork ez babestea. Zer eta kritikatzen dutenak horiek berak direnean ditxosozko bestelakotasun hori behin eta berriro azpimarratzen diotenak, izan Espainiako konstituzioaren kontrako bozen datuekin, ustelkeriarenarekin zein «hemen baino hobeto non?» jator eta konplizearekin.
Kontrabideko seinaleen kaos honetan, kanpotik ez da zaila ikusten auzokoarekiko begirada akonplexatu eta menpekotasunezkoa. Oasia basamortuan, berezko nazio erregeren inperio zabalean, mikroklima glaziazioan. Alegia, ez gara ezer ez bada ondokoa baino zerago.
Eta nago bestelakotasuna definitu nahi honek ez duela irtenbiderik. Ala ateratzen gara dinamika dependiente horretatik ala Pariseko Bellevilleko horma-irudi hartakoa jaten dugu: «ez gaitezen fio hitzez».
LARREPETIT
Mikroklima
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu