Blanca Urgell

Merezi du entzutea

2024ko urriaren 9a
05:00
Entzun

Konturatu naiz sarritan pentsatzen dudala buruaz, begiez, hortz-haginez, eskuez, oinez eta belaunez; bizkarraz ere bai: mina dudan ez dudan, zer ote den tentsiotxo hori, luzapenak, astinduak, masajeak, hau eta bestea. Egunero adi naukate; zaintzen ere ditut. Ostera, belarriei ezer gutxi erreparatu ohi diet.

Bada, Oihenartek Joanaren betegintzarrea kantatzean ez zituen ahaztu, aurpegia izartegia izendatu eta gero: «Aldiz, bi beharriak / xuri miragarriak, saldoa maitariri / gorheritan jarriak». Haren belarriak gorrerian jarriak omen ziren, maitale saldoari entzungor.

Joan den astean nireak ere gorrerian jarri ziren. Eta, zahartzean beharrietan gorreria egiten denez, Axularrek dioen erara esanda, beldurra dator lehen tapoitxo bat zatekeena, orain ez ote den behin betiko zerbait izango.

Mundua gorreriatik (berr)ezagutzea. Agian ikasi beharko dugun zerbait. Haatik, ez oraingoz: azaleko otitisa dela esan dit familia-medikuak, eta gaur nabaritzen ari naiz agindutako tanten eragina. Gaitz-erdi. 

Bitartean belarriei begira bizi naiz, belarritakoez harago. Eta hona non naukazuen, pantailaren aurrean, nire belarrien betegintzarreaz hitz egiteko prest. Izan ere, era guztietakoek dute beren zera. Belarri txikiak ziurtasunik-ezaren eta lotsaren seinale omen dira, baina baita sortzailearena. Handi-handiak pertsona ausart eta kementsuek izan ohi dituzte. Tamaina batekoak baditugu, irekiak bide gara eta moldatzen errazak. Belarri-gingila buruari aski itsatsirik izanez gero, enpatikoak. Belarri punta-zorrotzak, berriz, irudimentsuak.

«Entzuten ez duena, buru gogorra» dio atsotitzak. Gotzon Garatek azalpen egokia utzi zigun: merezi du entzutea. Belarriz ez balitz, bihotzez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.