Blanca Urgell

Mendikoa

2025eko apirilaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Inoren bizia zuzendu nahian idatzi zuten hainbeste gizon seriosen artean, XVII. mendean eguzkiak beste distiratzen dute Maria Jesusena abadesak Azpeititik ilobari idatzi zizkion hiru gutunak. 

Iloba estutasunetan dabil: ezkondu nahi eta aitak ezetz. Maria aita-alaben arteko bitartekotzan zebilen eta, Amaia Alvarez Uriak Zuzi iraxegia. Euskal emakume idazleak eta literatura klasikoa-n (2024) agerian jarri bezala, neskari babesa eskaini zion familiako «autoritate maskulinoen aurrean».

Maria mamua da, ordea: erlijio-izenak estali ditu bataio eta familiarenak (Arzellus? Landerrain?); gutunak agertu ezean, aztarrenik ere utzi ez duen beste emakume bat.

Moja baten gutunak? Ez zimurtu bekokia, ez dago zertan. Manu Padillak Le Dauphin itsasontzikoez ari zela esan bezala, pertsona arteko gutunak hurrago daude ahozkotik, eta Mariarenak punta-puntakoak dira horretan.

Gizon serios haiek guztiek predikatu idatzi arren, abadesari esker badakigu kultismoa zela, berak perdikatzen idatzi baitzuen, hots, pre deabruzko hori ahoskatu ezinik jendeak benetan zioena.

Mariak kaparetasun-agiria zeinen garrantzizkoa den badaki, baina ez du hidalguía esaten asmatzen: igrazia batean, iraglia bestean, iragria ere bai. Berarentzat zaila zena are zailago egin zuen, hiztunek ohi dugun moduan, hiperzuzenketaz. 

Couch ona da ilobarentzat. Zure aitaori beratuko dezu esaten dio. Ilobak etsirik moja joango zela idatzi, eta Zuk uste dezu monjak debela kontentu guzia; aen artean ere bada zerbait esaten dio. Auzi-paperetatik ezagun denez, badakigu istorioa ezkontzaz amaitu zela. Arazoa zein eta, antza, mutila medikua izatea, orduan judu-usainekoak omen baitziren. Mariak mendikua deitzen dio behin eta berriz. Ordukoak ez zituzten, bada, guk jakintsuok bezain erraz irensten maileguok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.