Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Mendigatxaren etnizismoa

2020ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Hiru omen dira, gaur egun, hiztun bakarra duten hizkuntzak. Kalifornian dago bat, wukxumnia. Marie Wilkoxek ez du norekin solastu, bakarrik dago inork ulertzen ez duen hizkuntza batekin. Perun dago bestea, Intuton. Joan dira tauxiroz egiten zuten guztiak, Amadeo Garcia da geratu den bakarra. Hirugarrena Vanikoron dago, Salomon uharteetan; Lainol Nalo du izena hiztunak eta tanema hizkuntzak. Izango dira gehiago. Nork daki. Bakarra izatea. Hondarrekoa. Zer izango ote da hori.

Hori du gaia, hain zuzen ere, Ernesto Contreras mexikarraren Beste hizkuntza batean egitendut amets filmak. Hizkuntzalaria da Martin eta hilurran den hizkuntza bat jasotzera heldu da Veracruzeko herrixka batera. Bi hiztun baititu zikrilak; biak ziren lagunak, baina berrogeita hamar urte lehenago gertatuko haserre bat medio, ez diote elkarri hitzik egiten Isaurok eta Evaristok. Nekez aurkituko dugu hiztunei buruzko begirada tristeagorik. Horixe erakustera dator filma: hizkuntzaz ari garelarik, harremanez dihardugula, maitasunaz, aurrejuzguez, bazterketaz.

Gurean, antzeko zerbait gertatu zitzaion Resurreccion Maria Azkueri. Erronkarieraren hondarrak bildu nahian Mariano Mendigatxaren adiskide egin zelarik, informante bikaina idoro zuen Bidankozen Lekeitioko erraldoiak. Gutunez gutun, bien arteko letra trukeak bakardadeari eginiko argazki gaitza osatzen du, ordea. Puntu batetik aitzina, ahaztu egiten dituzte rolak, ez da linguistika garrantzitsuena. Eta orduan agertzen zaigu mundua den bezain gordin: erronkariera lurmendu ahala, itogarriagoa zaigu Mendigatxak bere bakardadean bizi zuen negua.

Euskararentzat gazteleraren besteko estatusa eskatu orduko tribalka eta etnizistaka hasi direlarik, hori da ulertzen ez digutena elkarbizitzaren antropologook. Mintzatu, ez garela mintzatzen hizkuntza bizi dadin, bizitzeko behar dugulako baizik.

Ez da hain zaila ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.