Hedoi Etxarte

Mendekuaz eta justiziaz

2024ko abenduaren 28a
05:00
Entzun

Badakit norberekoia dela, baina barkhatu, asko maite dut munduak martxan jarraitzen duenean eta entzuten ditudan irratiek lan egunetako programazioa dutenean. Aste honetan, esaterako, France Interren prime time-an nire guilty pleasure-etako bat den Manuel Valls ministro arrazistari egin zioten elkarrizketa Eguberri bezperan, Amélie Nothombi Eguberri egunean eta biharamunean Marie Darrieussecq idazle eta psikoanalista baionarrari. Pentsatzen dut horren atzean diseinu bat dagoela: jende gehien oporretan dagoenean jende askok luxuzko edukia nahiko duela.

Antzeko zerbait gertatu zen abenduaren 3an, Nafarroa Garaian soilik jai den egun bitxi horretan, goizeko informazio magazinaren ostean Grand bien vous fasse! saioan mendekuari buruz aritu ziren hiru ordu laurdenez. Donald Trumpen legegintzaldi berria aitzakia —antza mendekatzera iritsiko ei da Etxe Zurira— Gustave-Nicolas Fischer psikologoa eta Laurence Devillairs filosofoa gonbidatu zituzten. Egunerokotasun handiko gaia zen, intimitatetik esfera publikora zabaltzen dena, mina eta kaltea ardatz. Barkatu behar da? Barka daiteke? Zer da mina? Fischerrek zioen barkatzen ez bada ezin dela gertakizun bat gainditu. Barkatzen ez bada ez dagoela askapenik, gorrotoan bizi zarela. Minduta bizitzea heriotzarekin alderatzen zuen, blokeatuta geratzearekin. Barkamenak minduta egon zaren bizitza atzean uzten laguntzen dizula.

Devillairsek azaltzen zuen mendekuaren eta justiziaren arteko aldea. Mendekuak biktimak erasotzaileari jasandakoa eragitea bilatzen duela eta justizia beste zerbait dela. Are mendekuaren eta vendetta-ren ala lintxamenduaren arteko aldea egin zuen. Alegia, mendekua legearen barruan eska daitekeela, vendetta-ren eta lintxamenduaren kasuan ez bezala. Justizia eskatzean, ziotenez, erasotzailea eta biktima ez diren hirugarren entitate batek erabakitzen du epaia.

Harrigarriena, eta ez naiz ohitzen, egun argiz, Bidasoaz iparralderako estatuko irrati entzunenean, soiltasun osoz eta luze, arinkeriarik gabe egunero halako gaiak lantzen direla konstatatzea izan zen: filosofia eta psikologia eguneroko gaitzak ulertzen saiatzeko lanabes.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.