Mikele Landa.
LARREPETIT

Memorian lorratzak uzten

2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Zenbat parrandatan, erromeriatan, tabernetan aulkitik altxarazi gaituzte, eta hasieratik bukaeraraino errenkadan ahotik irrist egin. Urtean urteko udako abestiek baino arrakasta handiagoa eskuratu ohi dute txosnetako playlist-etan eta, zazpi-jauziarekin baino koordinatuago, plazak dantzariz josi. Belaunaldi bakoitzak bereak izan ditu, nahiz eta tamalez ezin dugun atzera urrunegi begiratu. Izan ditugunok, ordea, gugan zizelkatuta eraman ditugu berba egiten ikasi genuenetik. Horretan datza gakoa. Moden behin-behinekotasuna gainditzea lortu izan dute, gertukotasuna giltzarri. Etxeen barrenetara sartu dira, txikienen ahoetatik gurasoen hiztegietaraino helduta. Imanol Urbietak jarri zizkion kantutegi honen zakuari lehen puxtarriak. Musikari pedagogiatik so egitean eta pedagogiari doinuak jartzean zetzan bere erronka. Gero etorri ziren Txirri, Mirri eta Txiribiton, Takolo, Pirritx eta Porrotx, Marimototx, Pupu eta Lorerekin zerrendarako kantu berriak. Infantilak eta sinpleak diruditen arren, berba lauz osatutako melodia errepikakor horien atzean hausnarketa dago, eta eragina ahalegina bestekoa da. Txikienek dantzatu eta abesten dituzten doinu eta berbek, beraien memoriaren lehen lorratzak eratzen dituzte. Horregatik da hain garrantzitsua ikasteko, ulertzeko eta errespetatzeko gakoak norberaren hizkuntzan jaso ahal izatea.

Horren guztiaren jakitun, ildoari belaunaldi berriak batzeko asmoarekin ugaldu dira proiektu berriak. Badabiltza lekukoari heltzen, agertokiak betetzen eta etorkizuneko helduen memorietan lorratzak uzten. Asteon bi ekimen ezagutu ditut, oihartzun faltagatik baino gehiago, inguruan haurrik ez izateagatik ezezagun nituenak. Enekantak da bata, ume zein guraso askok entzunaren entzunaz buruz dakizkiten kantuen sortzaileak. Kantu Kolore bestea, sei irakaslek aurrera ateratako proposamena, euren kantu, bideo eta koreografiak espresuki adin tarte jakin batzuetan pentsatuta eginak, bakoitza bere ariketa sortarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.