Josebe Iturrioz.
Larrepetit

Masa kritikoa

2013ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Txinan bizikletan dabiltzan pertsonek, errepideak gurutzatu nahi dituztenean edo bidegurutze bat zeharkatu nahi dutenean, errepidearen ertz batean itxaroten dute, eta bizikleta asko batzen direnean, denen artean errepidea hartzen dute, bide batez, zirkulazio bilakatzen dira, errepideen logika aldatuz. Horretarako, beren arteko elkarlana erabiltzen dute. Terminoa zientzietatik dator, bai fisikatik, bai gizarte zientzietatik. Oro har, aldaketa bat eman dadin, batu behar den material kantitate minimoari egiten dio erreferentzia. Bizikleten munduan, beraz, zirkulazioa eraldatzeko beharrezkoak diren bizikleta kantitate minimoa da masa kritikoa.

Txinan sortutako fenomeno hau segituan zabaldu zen, eta 70eko hamarkadatik aurrera hainbat hiriburutan daude bizikleten masa kritikoak. Hilabetean behin, munduko hiriburu askotan, bizikletak kasualitatez bildu egiten dira, eta kaleak hartzen dituzte. Askotan, aldarrikapen askotarako erabilia izan da masa kritikoa. Orain dela egun gutxi izan naiz nire lehenengo masa kritikoan. Pozik nentorren esperientzia kontatzera, Erroman izandako masa kritiko izugarri batean egon naizelako, baina Hispaniako erreinura bueltatu bezain pronto, berri batek muturrean jo nau. Tarantinok ez luke istorio basatiago bat asmatuko. Borroka arteetako irakasle batek langile sexual bat gogor jipoitu du. Dirudienez, beste gorputz batzuen zatiak ere gordeak zituen bere gimnasioan, eta errekara ere poltsetan bilduta bota ditu.

Aurreko astean Amagoia Elezkanori buruz idatzi nuen, Laudion eraildako 26 urteko neskari buruz. Aste bat besterik ez da pasatu, eta hementxe beste esperpento bat. Irakurtzen nuen bitartean segituan burura etorri zait hurrengo galdera: Zein da gure masa kritikoa? Alegia, zein da eraildako emakume kantitate minimoa gure gizarteak beharrezkoa diren aldaketa sakonak bideratu ditzan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.