Maider Galardi

Martinen abarkak

2025eko otsailaren 27a
05:00
Entzun

Donostiako zapata denda bateko langileak irratian esan du azken egunetan laminak eta basajaunak joan zaizkiola bisitan lokalera. Barre egin dute aurkezleek, barre egin dugu entzuleok ere, norbera bere sukaldean-autoan-paseoan. 116 neurriko zapatarik ez duela ohartarazi dio Basajauni dendariak, eta ez dugu entzun, baina agian Basajaunek erantzun dio berak ere ez dituela 170 euro kontuan. Prezio horixe dute Dr. Martens-en zapata berriek, eta prezio horretan jarri dituzte salgai markak Donostian duen lokalean. Gehienbat Ipar Euskal Herriko jendeak edota Ipar Euskal Herritik pasatzen diren frantsesek erosi dute zapata parea azken bi asteetan. Eskerrak ez diren santomasak, agian zapata berri horiek agortuko lirateke bestela: zapata berriak abarka zaharrak dira.

Inguruko zapata dendetan begiratu dut. Ez da sasoia, eta kostatu zait bilatzea. Parte Zaharrera joan naiz, eta 22 eurotan topatu dut gomazko abarka beltz parea. Oraindik ez da iritsi Ipar Euskal Herritik pasatutako frantses turista saldoa, edo beste hamaika tokitatik ailegatzen diren bisitari mordoa, eta astean barruko goiz buruzuri batean ez daude hainbeste souvenir denda zabalik. Lepoa jokatuko nuke, ordea, uda partean zintzilikatuko dituztela abarkak leiho oholetan, eta tuneatuko dituztela kolore horiko hariz josturak. Nork apropiatuko du orduan nor. Dr. Martensek gu? Parte Zaharreko dendariak haiek? Sosak ateratzeko aprobetxatuko dugu errespetatzen ez gaituzten turistei? Behin hasita, zergatik ez egin Martin txikiak egin zuen bezala, tranpara jokatu jentilekin eta apustua egin haiekin gari mendixken gainetik baietz jauzi egin, eta ez lortu, baina abarka handi-handiak gariz beteta kalera jaitsi?

Akaso ez da egokiena, baina niri ere ematen dit gogoa zapata handiak jantzi eta folklorizazioaren negozioaren tranpan erortzen diren turista inozoei garia kentzeko. Eta, bide batez, Martintxoren anaia globalizatua pixka bat haserretzen bada, ba… Basajaun eta Lamina pozik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.