Blanca Urgell

Marrubitxo eta pottottina

2025eko urtarrilaren 8a
05:00
Entzun

Gabonetan Paula lagun katalanak (@ruestern_) el parrús, la figa, la maduixeta aluaren izenak aipatu zituen txio batean. Parrús ezagun dut —nahiz erabili ez—, gaztelaniak katalanetik mailegatu duelako. Antigualeko komedia usaina dario niretzat.

Figa gure pikuaren lehengusina dela bistan dago. Ezezagunena zer ote den jakin nahi, eta M. Kids online dendaren izena agertu zait gehienik, ondotik 'Cupcake' izan nahi ez zuen 'maduixeta' umeentzako ipuin-liburua, eta bazterrean maduixeta izoztuak. Beldurrik gabe ondoriozta daiteke maduixa gure marrubia dela. Parrús mahatsondoa denez, hirurak landare-metaforak, beraz.

Gurean metaforak usuago bide datoz animalien erreinutik. Nola dakidan? Bada, zeren eta deabruak tentatu bainau Orotarikoa-ren (OEH) behatzailean vulva jartzera «definizioetan» aukeran. Ni bezalako euskaldun batek asko du ikasteko hor.

Gehienbat ahozko hitzak dira, jakina, idatzira nekez igaro direnak. Alu bera lehenengoz asto-lasterretatik jaso da (Ahal baneza alü bat / har niro nik intresian...), eta Igela aldizkarian argitaratutako xikito (aprokrifo?) batetik (Besta berri Mauleko / Jundane Juhane Lextarreko / Ehün urthez bizi behar dakiala emazte baten aliari belhaiko ‘belauniko’). Arestiri egozten dio OEH-k lehen erabilera izenduna, Maldan Behera-n. XXI. mendeko agerraldi gehientsuak ere irainari dagozkio, nik uste.

Gainerakoan, pottottina aurkitu dut Patxiko Perurenak Goizuetako euskaran berariaz idatzitako Ama zenaren gutunak ipuinean, emazteki baten ahoan: «Zeinek esan behar zinan! Niri pottottina ikusten utzi ez zidan neskato ttiki hura, linguista alajaina!».

Badauka zer ikertu hor asti pixka bat duenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.