Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Markak

2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Gazte bat. Gazte bat, zango bat aurrera, kontrako besoa atzera, zerbait botatzera balihoa bezala. Gazte bat, kepisa atzerantz, musua zapipean, harria, koktela, amorrua botatzeko imintzioa egiten. Gazte bat lore sorta, erromileta, buketa jaurtitzera doala harrapatua begiak. Horra Banksyk2005ean Palestinan paraturiko horma-irudietarik bat. Lore-tiraka legez da ezaguna.

Hasel kantariaren kartzelaratzearen karietara Bartzelonan izaniko istiluetan atera du argazkia Emilio Morenattik. Banksyren obra bera da, hezur-haragizko. Kasualitatea? Performancea? Jaurtitzailearen ego hantua? Nolanahi den, bada alderik bien artean. Nabarmenena, honen arropa eta osagaiak: larruzko poltsa dotorea darama aldean, erloju handi urrekara eta, marka agerian, Emporio Armaniren jaka. Ez dago jakinarazi gabe Naomi Klein quebectar pentsalaria: logoak kulturaren erdigune bihurtu dira.

Eguna joan eguna etorri, eta manifestarien basakeria ilustratzeko, horiexek dabiltza kazetarien eta gonbidatuen ahotan. Tous, Puma, Versace, Nike, Adidas, Diesel, Kenzo, Louis Vuitton, Tomy Hilfiger… punta-puntako dendak arpilaturik Gracia pasealekuan. Irratiko solasaldian, «eta ez da arropen beharrik dutelako», esan du argienak. «Bazter-nahasleek Prada daramate soinean», erantsi du zinefiloak. Barre egiten dute guztiek. Ona da ateraldia.

Hurrengoan, orain hurrengoan bezala, fabriketako batek su hartuko du Indian, lurra joko du Bangladeshen, Managuan, Phnom Penhen, eta hondar artean, esklaboak agertuko dira edonon, are esklaboago ume eta emakume izan arau. Albisteak askoz toki urriagoa hartuko du albistegietan. Sakontzen hasita, inor gutxi ausartuko da aipatzera batzuen ederrari eta besteen lohiari hauspoa ematen dioten marken izenak.

Markek, bistan da, ez dute zentzurik erakutsi ezean. Erakusten duten beste gordetzen dutela, jakina da. Jolas horretantxe gauzkate preso, lore eta guzti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.