Blanca Urgell

Mandoari gorazarre

2024ko irailaren 25a
05:00
Entzun

Autoengatik ez balitz, gure amak ez zukeen behin ere hibrido hitza erabiliko. Zer den ere ondo baleki. Orotarikoa-n ere ez dut aurkitu. Ez gara harrituko: mailegu jasoak behar ahala hartzen dira.

Ereduzko Prosa Gaur-en arabera, itzulpenen bidez sartu zen XX. mendea amaitzear zelarik, 1998an, Primo Leviren Sistema periodikoa-ri esker (Juan Garziak itzulia); berriz, Jesus Mari Olaizola Txiliku-ren 101 gau-koa litzateke berezko lehen agerraldia.

Animaliak izan bide ziren lehen hibridoak, baina harrezkero ikaragarri hedatu da, kulturara, hizkerara, generora... Egon, hibrido lexikoak ere badaude, artean genero-hibridoak (Corbett 2022). Alemanez, Mädchen semantikoki femeninoa da, pertsona-izenordainak dioskunez (sie, ez es), baina gainerakoan neutroa da (das artikulua dagokio, ez die). Berdintsu, errusieraz diadja ‘osaba’-k maskulinoa izan «beharko» litzateke, baina gehienak femeninoak diren flexio-klase baten arabera jokatzen da.

Berebat, badira numero-hibridoak. Demagun: «Familia laster etorriko da, eta oraindik ez dute non lo egin». Erreparatu da / dute txandakatze horri: ez du esango genuke? Ez dago argi, baina are nekezago esango dugu «Nire familia laster etorriko dira». Jende berdintsua da, baina horrekin aiseago topatzen da plurala: «Jendea erotzen ari dira» idatzi zuen Josu Landak Ana Franken egunerokoan, eta «...jendeak ez dute ezer egiten geldiarazteko» dio BERRIAko erredakzioak sinatutako berri batek (2004-02-15).

Horrelatsu hamaika hizkuntzatan. Gramatika ez da beti koherente gure aurreiritziekiko. Eta, Saramagok gogoratu bezala (Lisboako setioaren historia, Jon Alonsok itzulia), mandoak zaldiak baino eraman gehiago du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.