Ander Perez Argote

Mamua

2025eko otsailaren 7a
05:00
Entzun

Laguna ikusi duzu erreportaje batean, torturak buruko osasunean eragin zizkion sekuelak azaltzeko idatzi duen antzerki-piezaren harira. Bideoaren hasieran, gazte garaietako denbora militanteak azaltzen ditu, orduko argazki batzuek lagunduta. Horietako batean, ezustean, zeure burua aurkitu duzu, harekin batera, orain ia hogei urte. Oraindik ezerez pasatu ez zeneko garaiak ziren, dena pasatu zitekeela bazenekiten arren. 

Gero etorri zen lagunaren atxiloketa, eta berearekin, beste hainbat lagun eta ezagunena ere. Hurrengo sarekadan ia edozein erori zitekeela jakinda, torturaren mamua barreiatu zen zuengan. Zuretzat, halere, mamu bat zen, urteetara, egoera politikoa lasaitu ahala, airean desegiten joan zena. Beste batzuentzat, aldiz, errealitatea zen; lagunarentzat, adibidez. Hortik etorri zitzaizkion buruko osasuneko kalteak, orain antzerki bihurtu dituenak.  

Baina zu haren laguna zara, argazkietan azaltzen zara harekin, eta ez duzu antzerkia ikusi behar izan hark bizitakoaren berri izateko. Eta kontua da, zu bezala, hark bazituela beste hamarnaka lagun, eta lagun horiek beste hamaika, eta bazituela senideak, eta senide horiek beste hainbeste, eta bazituela lankideak, eta kirol taldeko kideak, eta auzokideak. Eta kontua da, ariketa hori Euskal Herrian izan den torturatu bakoitzeko esponentzialki errepikatuz, zenbat jendek izan duen hemen torturaren berri, eta nola izan den posible, halere, halako fenomeno jarraitu, sistematiko eta lazgarri bat hainbeste urtez isilpean gordetzea. 

Zulatzen hasia da oskola, hala ere, eta oraindik bide luzea egiteko badago ere, gero eta sarriago datoz argi izpiak. Azken urteetan Nafarroako erakundeek hainbat pertsona torturaren biktima gisa aitortu izana duela ez hainbeste sekula pentsatuko ez genukeen aurrerapausoa da. Heldu den astean torturaren aurkako eguna izango da. Nafarroako Gobernuak ekitaldi instituzionala antolatu du. Eta mamuak berak ez luke sekula halakorik imajinatuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.