Bidasoaren hegoalde honetan kasu ezaguna da Gerardo Iglesiasena. Espainiako Alderdi Komunistako idazkari nagusi, diputatu izan zen Espainiako legebiltzarrean 1986-1989 tartean. Hangoak amaituta, jaioterrira itzuli zen, Asturiasko Mieresera, eta meazuloan satortu zen berriro, harrikatza pikatzen. Handik laster, lan istripua izan zuen. Ospitalera bueltaka dabil egun ere, gurpil-aulkian.
Ez bat eta ez bi, tropa dira, gehienak esango nuke, politikagintza profesionala utzi eta aurrez zuten lanbidera itzuli direnak, izan enpresara, ikastetxera ala baserri lanetara. Politika «zerbitzu sozial» gisa bizi izan dutenak dira asko, aldi baterako eginbeharra. Udalean, diputazioan zein legebiltzarrean, aukeran denok txandan-txandan pasatu behar genukeen zikintze-aldia, komunitatearen on beharrez eta, bide batez, eskola, norberaren pentsaeratik real politikera dagoen jauzia ere ikus dezagun.
Jakin-mina egon da zer egingo zuen Iñigo Urkullu lehendakariak. Lehen hezkuntzako irakasle eszedentzian, bazen, lañoki, Durangoko Landako eskola publikora itzuliko zela zioenik. Zalantza barik, haren gestioaren kontrarioak ere isiltzeko jokaldia litzateke, koherentzia ariketa bikaina. Kazetariek ere titular ederra galdu dute: «Maisua lanera itzuli da».
Azkenean, ia jubilatzeko adina duela, berarentzat beren-beregi sortutako fundazio bateko buru izango da, ez dakit zenbat korporaziok elikatuko duena, «Euskadik bere tokia izan dezan Europan». Ez naiz ni izango, alajaina, ikasgelara ez itzultzea kritikatuko duena. Arabiara edota Ameriketara doazen eliteko futbolariekin ikusten dugu: orain arte irabazitako guztiak ere ez dituzte aski mundu arrano honetan bizitzeko. Eta munduak ezinbesteko ditu.