Danele Sarriugarte
LARREPETIT

Maiatzekoa

2015eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Iaz konturatu nintzen estreinako aldiz, maiatzaren bata pasatu eta gutxira suertatu baitzitzaidan Amaren Eguneko telebista-iragarkiei izkintxo egitea, eta neure buruari esan bainion irribarrez: kontxo, kontxo, amarena eta langilearena bata bestearengandik ezin gertuago daude-eta! Kasualitatea, gero!

Ez dizuet gezurrik esango, neure filiak direla medio, nahiago izaten dut inguruko andreak oro martxoaren 8an zoriondu edo, areago, horiekin batera martxan kalera irten (gainera, aurten atera zaigun eguzki hordigarriarekin), baina ezin nuen bestela bezala baztertuta utzi probidentziak zekarkidan aukera paregabea, urte luzez ikusezina izan den lan hori guztia ageriko egiteko, nazioarteko egunen gurpila baliatuta, eta egutegia, eta euskal kantutegia.

Hortxe etorri zitzaizkidan-eta, plast, lana eta ama bat eginda, Joxan Artzeren lerro horiek Mikel Laboaren ahotsean, ama hil zaiola, lanak itota, zertarako den bizitza jakitera iritsi gabe, eta batek pentsa lezake, bueno, ama jakin bat da hori, bateko ala besteko arrazoiak direla medio zendu zena lanak akabatuta, ez gaitezen orokortzen has; baina, hara non izeba ere hil den, era berdinean ere hil izeba. Eta hemen bai has gaitezke susmatzen, akaso, etxeko lan horien guztien zamapean ito direla bi-biak, andreen bizkarrek hartu izan dituzten lan horien ondorioz, soldatarik eza eta naturalizazioaren derrigorra, besteak beste, heriozko kolpe.

Ahoz aho darabilgun honetan subjektu eraldatzailea birpentsatu beharra, kezkatzen gaituen honetan zer aldarrikatua luketenak baino askoz lagun gutxiagok egingo dutela bat gaur kalean antolatutakoarekin, oraindik ere Gilen eta Antonen mahonezko irudiekin estuegi lotzen dutelako langile izatea, ez litzateke pausorik txarrena babak musu-truk eltzeratzearekikoak Amaren Egunean hitz kamutsez kitatu baino gehiago, maiatzaren hastapeneko leloetan lehen mailako egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.