Aspaldi zaharrean bertaratu barik, hitzaldi baten aitzakian itzuli nintzen Bergarako Kartzela Zaharrera. Toki berezia izaten segitzen du. Han dago orduko galeria, gaur egun hamaika ekitaldi kulturalen agertoki eta, sarrerako ate ondoan, Michelle Angiolillok azken egunak eman zituen ziega. Liburutegia da orain.
Hiru tiroz hil zuen Arrasateko bainuetxean Angiolillok Canovas del Castillo, Espainiako Ministro Kontseiluko burua. Hamaika egunen barruan epaitu zuten eta garrotean hil italiar anarkista. Euripean, ez zitzaidan zaila egin haren itzala bereiztea urkamendian.
Ez zen etsairik gabeko gizona Canovas. Lagun zuen teoria politikoa: populuak aginte zorrotza behar du, hala umotzen da ordena. Eliteen lantzat harturik tradizioa finkatzea, kristautasuna da egiaren gordailua eta monarkia aurrera egiteko bermea. Halaxe aberastu zen bera Kubako esklabotzarekin eta bihurtu zen anarkisten zigor. Eta teoria horrexen harian galdu zituen euskal foruak. Hernanin, txoratzen hartu zuen Txirritak Angiolilloren ekintza: «Il da Canovas, fuera Canovas/ pikaro gaizki eziya,/ galdu zituen gari-zelaiak,/ gaillendu zaio sasiya…».
Trenean erdi lo noala, ahots zakarrek iratzarri naute. Hil beharra dagoela gizona, norbaitek hil beharra duela Trump, mundua hondamendira eraman dezan baino lehen. Horixe lantegi alferra!, erantzun diote. Beste bat jarriko luketela haren ordez. Ba hura ere bai! Ez du arnasarik merezi jende xehea gorroto duen politikariak! Oinarrizko araua behar luke!
Magnizidioa arte eder gisa, beraz, ezinaren kontsolagarri. Baina Angiolilloz ez, Txirritaz akordatu naiz. Kartzelan sartuko genuke egun. Ez dago ondo inoren heriotzarekin poztea.