'Made by Kafka'

2010eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Kafkaren Gaztelua eleberrian K. herri batera heltzen da lur-neurtzaile gisa lan egitera, eta herri hori gobernatzen duen Gazteluko agintariekin harremanetan jartzen saiatzen da behin eta berriro. Alferrik.

Txinak inoizko populazio zenbaketa zail eta garestiena jarri du martxan: Gobernuak 6,5 milioi zenbatzaile bidali ditu hamar egunetan biztanleak zenbatzera. Shanghai eta Pekin mega-hirietako biztanleak, nekazariak, gutxiengo etnikoak, Tibeteko goi-lautadako nomadak, milioika langile migratzaile eta erregistratu gabeko auskalo zenbat haur.

Txinan txandaka egiten dute lan, eta zenbatzaileak datozenean, beti dago norbait lanean. Oheak zenbatzea ere ez da metodo ziurra. Bizi ere, txandaka bizi baitira. Hortzetako eskuilak zenbatzea gomendatu du, beraz, Gobernuak. Izan ere, hiru gelako eta zortzi ohedun etxebizitzan hogei eta bost hortzetako eskuila zenbatu dituzte.

Dena den, zenbatzaile bati baino gehiagori atea muturren aurrean itxiko diote. Esfera pribatua babesteko, ez diete etxean sartzen utziko.

Inork ez daki zehatz-mehatz zenbat biztanle dituen munduko herrialde populatuenak. Baina badira zenbaki potoloekin oso zehatzak izaten dakiten txinatarrak. Ai Weiwei artistak ekilore-haziz bete du Londreseko Modern Tate museoko zorua. Portzelanakoak dira eta Jingdezhen herriko langile txinatarrek banan-banan eskuz pintatuak. Ehun milioi ekilore-hazi.

Txinako errolda sistema Kafkaren Gazteluko sistema bezain zeharkaezina eta misteriotsua da. Txina kafkianoan ere, herriaren eta Gobernuaren arteko jardunbideek ulertezinak izaten jarraitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.