Jaume Gelabert.
LARREPETIT

'Macguffin'-ak

2022ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Alfred Hitchcockek eman zuen ezagutzera terminoa, 1939an, Columbia unibertsitateko mintzaldi batean: macguffin-a baliabide garrantzitsua da tramak aurrera egin dezan, baina ez dakigu zer ote den berez osagai hori —inoiz ez dugu jakinen—, eta horren berri izateak ez du garrantzirik istorioan. Suspensearen maisuak behin baino gehiagotan erabili zuen bere lanetan, North by Northwest filmaren abiapuntuan, adibidez: Roger Thornill publizista —Cary Grant— nahastu dute existitzen ez den George Kaplan espioiarekin, hotel bateko hallean egin duen keinu hutsal batengatik. Zentzugabea da, eta zer? Azken finean, axola duena da nola egiten dion ihes Cary Grantek tirokatzen duen hegazkintxoari. Pulp Fiction filmean bada beste macguffin ospetsu bat —zer arraio zegoen maletatxo horretan?—. Literaturan, badugu Solaris-eko ozeanoa: liluragarria bai, baina ez da Stanislaw Lem-en maisulanaren funtsa.

Fikziotik kanpo ere, ageriago edo ezkutuago, aurkitzen ahal dugu abizen eskoziar itxurakobaliabidea. Berriki egin dudan LOMLOEren gaineko ikastaroan, aniztasuna aipatu dute etengabe —diversidad, txertatu diguten gaztelaniazko bideoan—, baina ez diote erreferentzia bat ere egin nire lan-arloari —nirea eta hainbat kiderena—, ezta gure ikasleei ere. Aniztasuna, esanahi hutsaleko hitz zoragarria. Ereduzko macguffin-a.

Macguffin gehiago: alderdi politikoen izenak. Sozialista, Popular, Pueblo eta Herria, hitzak besterik ez dira eta ez dute aparteko eraginik alderdi horien eguneroko jardunbidean, baina ezinbesteko abiapuntu dira boto-arrantzan aritzeko lehian. Eta esan genezake politikari batzuek ere macguffin-aren ezaugarriak betetzen dituztela. Burura etorri zait Iruñeko alkatetza ultrakontserbadore bati eman zioten hiriburuko sozialisten bozeramailea, geroztik kasik desagerturik dagoena. Aitzakia bat izan zen istorioan eta, seguruenik, hala izanen da historian.

Barkatu, zertara zetorren macguffin-ena?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.