Aurreko urteetako egutegietan begiratu behar izan dut larunbatez izandako azken Martxoaren 8a noiz izan zen aurkitzeko. Duela 11 urte izan zen, 2014an. Ni ordurako Bilbon nengoen ikasten, eta horrek esan nahi du herriko Lasarte-Moria taldea martxan genuela, baina beharbada ez zuela izenik oraindik. Segur aski, protestaren ostean larunbat horretan egin genuen bazkarian pentsatu genuen taldearen izena. Horrek esan nahi du, baita ere, ordurako kezka bat bagenuela gaztetxook eta aurretik mugimendu feministan ibilitakoekin hartu-emanetan geundela, horregatik daude haiek ere bazkari hartako argazkian. Batzuek ezin izan zioten olatu berriaren irrikari eutsi, eta taldera batu ziren ostera. Ez zen gure aurreneko M-8a izan, eta ez zen azkena izango, baina erabakigarria izan zen gure denbora-lerroetan, zalantzarik gabe.
Ordutik aldatu dira gauzak. Joan dira batzuk, etorri besteak. Gu jada ez gara gazteak, orain materialistak gara, gure ondoren etorri ziren berriak, eta neska gazteak orain gazte feministak dira. Ikasi eta ikusi dugu asko, eztabaidatu nahi beste, parranda bota goizaldera arte eta beharbada parrandako postaletatik kanpo geratu ere bai. A-ri galdetu diot ea duela 11 urte bazkari-kide horiei begiratzen genien zaharruno tankera berean begiratzen gaituzten gazte-gazteenek guri. «Begira gaitzatela hala», dio, «guk ikasteko asko dugu eta». Oxala B-rekin dudan harreman bera izatea ni baino 25 urte gazteagoa den batekin helduago naizenean. Nola begiratzen didan hark niri, nola entzuten dudan nik bera, nola barrez lehertzen garen elkarrekin. Larunbatean B-rekin eta A-rekin egon nahi dut berriro, eta beti bezala L eta U-rekin ere bai. Donostian izango dira J, Z, K, M, N, L, M… eta gurera batuko dira aurten M eta A ere. Aldatu dira gauzak, baina ez dena, ai… Duela 11 urte ez dakit, baina hamaika aldiz eskatu diogu udalari berdintasun teknikari bat, eta aizue, figura hori ez duen Gipuzkoako herri bakarra izateko errekorra gainditzen ari gara axolagabekeria neurtezin batean.