Ipar Euskal Herrirako prozesu konstituziogilea abian da. Euskal udaberria iritsi da azkenean! Hedabideek behar besteko garrantzia eman ez badiote ere, 2012ko martxoaren 8a Euskal Herriko historian tartea ukanen duen eguna izanen da. Arrats hartan, azken urtean instituzionalizazioari buruz hautetsi eta gizarte eragileek daramagun gogoetak urrats garrantzitsua egin zuen, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa bilduko lituzkeen lurralde elkargo edo kolektibitate baten aldeko apustua aho batez egin baitzen.
Orain arte euskal departamendua edo edozein instituzionalizatze prozesuren kontra agertu diren hautetsiek banan-banan egin zuten beren coming out-a, lurralde elkargo bat sortzeko prozeduraren aldeko apustua eginez. Aitortutako lehen arrazoia: Frantziako lege berrien arabera, orain arte Ipar Euskal Herriari elkarte izaera soila ematen zion pays izendapena desagertzekotan da. Ondorioz, Hautetsien Kontseilua eta Garapen Kontseilua egiturak oinarri gabe geldituko dira. Aitortutako bigarrena: ETAren jarduera bukatzeak egoera berrian ezartzen du ere Ipar Euskal Herria. Hirugarrena: Ipar Euskal Herriak bere geroaren jabe izan nahi badu —lurralde antolaketa, enplegu, hizkuntza, garraio, osasun...—, berezko eskumenak behar ditu. Eta aitortugabeko arrazoia: Pirinio Atlantikoetako azken bozetan, sozialistek lehen aldiz irabazi zuten, Biarnon erabat nagusi baitira. Ipar Euskal Herriko zentro-eskuinak konprenitu du, azkenean, Ipar Euskal Herriko hautes eremua interesgarriagoa litzatekeela.
Kontrakoek ez dute beren azken hitza erran. Alliot Mariek, besteak beste. Baina Tunisiako aferaren ondoren eta Sarkozyren bisita-antolaketa desastrearen ondoren, inoiz baino ahulago dago gure burdinazko anderea. Grenet eta halakoak, berriz, euskal instituzioaren gehiengoaren aukerara igoko direla pentsa edo opa daiteke.
Larrepetit
Lurraldetasunaren norabidean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu