Ilobaren azal suabea erakargarria egiten bazaizu eta denbora guztian besoetan izanda gorputz osoa igurzten badiozu: lotsa zurea da. Bikotekide ohiak utzi bazaitu eta mendeku gisa bere argazkiak lagunartean zabaldu badituzu: lotsa zurea da. Are, hori baino sofistikatuagoa bazara, baina uste baduzu —eta esan eta esan ari bazara— eroa zegoela eta gauzak asmatzen zituela apego ansiosoa zuelako: lotsa zurea da. Entrenatzen dituzun neskato gazteekin kolega izaten hasi eta boterean eta intimidazioan oinarritutako harremanak eraikitzen badituzu: lotsa zurea da. Lotsa zurea da mezu ustez inozente baina eduki sexual esplizitudunak bidaltzen badizkiezu. Berdin balio du soinketako irakaslea bazara, kontserbatorioko maisua, udalekuetako begiralea. Lotsa zurea da. Fotopolla bat bidalita ni limurtzea edo beldurtzea lortuko duzula uste baduzu, lotsa zurea da. Elkarrizketa bat egiten ari natzaizula goitik behera begiratu banauzu, edo umetzat hartu banauzu, edo proposamen ezohiko bat egin badidazu: lotsa zurea da. Zure jaialdian jotzen duen taldeko musikari emakumea beste taldekideen bikotekidetzat hartu baduzu: lotsa zurea da. Zurea da lotsa adinez txikikoa den neskatilarekin enrollatu eta berak nahikoa dela esanda ere behatzak uteroraino sartu badizkiozu. Lotsa zurea da ustez bertsozale, bestelako gorputzek oholtza hartzeak gogaitzen bazaitu. Sortzaile emakume gazteak galdetegi batean bezala estutzen badituzu haien lanak funtsik ez duela adierazi arte: lotsa zurea da. Ordura arte zure lagun onena zenarekin oheratzeko modu errazena hura alkoholetan itotzea dela pentsatu baduzu, lotsa zurea da. Eta oheratzean kondoirik ez duzulako nahi hari ezer esan gabe kentzen baduzu ere bai. Zurea da lotsa kalean munduko progre guaiena izan eta zure ohekide eta bikotekideak behin eta berriro bezatzen, nahasten, txikitzen badituzu.
Badakigu nor zareten. Lehen beldurra genuen, baina memoria ere bai. Orain hitz egiten dugu gure artean, eta ez dugu lotsarik batere.