Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Logreroa

2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Jo du ibiltariak Padua, badu lehenagokorik San Antoniori bisita egin baino. Erromatarren anfiteatroaren gainean eraikiarazi zuen kapera Enrico Scrovegnik XIV. mendearen hastean. Eta barnean sartu orduko mozkortu du edertasunak. Ez du Giottok margoturiko zeruak itsaso zikinetik izpirik. Sabaiko kobalto izartuak itsutu du, gozo laztandu dute hormetako irudiek.

Diotenez, bihotz-zimikoak eraginda agindu zuen obra Scrovegni gazteak. Herioren hatsa kolkoan, bakean joan nahi zuen gizonak, etxean dirua nola egin zen ikusita. Mailegu-emailea zuen aita, Reginaldo logreroa, hain zuzen horrexegatik Dantek bere Infernura kondenatua. Eta nonbait, semeak ez nahi bestean, benetakoan kiskal zedin betiko. Horrexegatik ageri da Scrovegni bera Azken Juizioaren freskoan, kaperatxoa eskaintzen Hiru Mariei. Ordaindu dute zor morala, salbu dira aita-semeak. Bestaldean dira betiereko sua, arima penatuak eta Gargantua dirudien Luzifer, bekatari dohakabeak irensten.

Ez dago bi garai berdinik. Bisitariari atoan datorkio tentazioa, ordea. Gaur egun, espekulazioari esker aberastu diren horien guztien artean, ba ote da antzeko atximurrik sentitu duenik?Eta sentituta ere, infernuaren mehatxurik gabe, zeren beldur izan behar du? Gauza jakina da errazago daramala handikiak kontzientzia txarra izen txarra baino. Eta susmoa du, orduan bezalaxe orain, artea, edozein delarik ere adierazpidea, jostailu polita dela gaizki-eginak zuritzeko, hala dela gaur egungo Scrovegnien eskuetan ere. Fundazioak datozkio gogora eta, ezinbestean, jan-txakur bihurturiko izen handiko sortzaileak.

Kanpora bidean, Bertuteen eta Hutsen fresko margulei eman dielarik begia, batek du lotu. Etsipena, dio irudiak. Emakume bat ageri da gapiriotik zintzilik, soka-lasterra lepoan. Moralista handi, salagarria da suizidioa zerua nahi duen logreroarentzat, baina nekez onartuko du etsi eragile izan denik bera inorentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.