PSNren logikaren arabera, herri bateko udal arkitektoaren posturako arkitektura karrera eskatzea baztertzailea da, arkitekto ez garen beste guztiak baztertzen gaituelako. Hizkuntz Eskolako japonierazko irakaslearen profilerako japonierazko titulua eskatzea baztertzailea da, aukerarik gabe uzten gaituelako nahi bai baina tamalez japonieraz piperrik ez dakigunak. Sukaldari izateko arrautza frijitu bat egiten ote dakizun galdetzen badizute, baztertzailetzat jo ditzakezu tabernako nagusiak, lanpostutik kanpo uzteagatik sekula sukalde batean sartu ez diren hainbeste pertsona ez gai, baina, kontuz, eskubidedun.
Absurdoa litzateke ez balitz larria, eta, batez ere, ez balitz denboran gehiegi luzatzen doan falazia ikaragarria. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko komunikazio arduradunaren eskakizunekin etorri da azkenekoz: euskara jakintza eskatu du federazioak posturako —ojo, gaztelerazkoa bezala, nahiz eta hori ez den esplizitatzen, jakintzat ematen baita—, eta baztertzailetzat jo du eskaera PSNk. Zeren eta, zertarako izango duzu ordezkatu behar dituzun Nafarroako udalerritan ofizial diren bi hizkuntzak menperatzen dituen komunikatzailerik, baldin eta bakarra dakiena izan badezakezu.
Irudikatu ere ezingo genuke japonierazko ikasleei japonieraz tutik ez dakien irakaslea jartzea, denok lanposturako eskubidea izatearen truke. Baina zilegi da nonbait herritarrei euskaraz zuzentzerik izango ez duen langile publikoa ezartzea, nahiz eta euskaraz artatuak izateko eskubidea izan.
Txarrena da, errepikatzearen errepikatzeaz, haien buruari eta jende mordoari sinetsarazi diotela zentzugabekeria. Eta beraz, besterik ez dugu, guk geuk ere behin eta berriz egoeraren absurdoa errepikatzea baino.