Goizalde Landabaso

Likidotasuna gelditu

2023ko azaroaren 28a
05:00
Entzun

New Yorkeko auzo aberats batean jazo da. Bertako kaleetan saltoki ibiltaria zuen musulmandar saltzailearen kontra. Erasotzailea: Stuart Seldowitz 64 urteko estatubatuar bat da. Ez edozein estatubatuar, Barack Obamaren gobernuan Palestinar eta Israeldarren arteko Auzietarako Bulegoko zuzendari ordea. Erasoaldia beroaldi bati egotzi dio Seldowitzek, baina dozena bat egun zeramatzan eraso eta erasoka. Bideoak daude eta sare sozialetan barra-barra dabiltza. Hamaika astakeria esaten dizkio saltzaileari, esaterako, 4.000 ume palestinar hil zituztela berresten dio, eta gutxiegi izan zirela. Azkenean atxilotu dute erasotzailea eta epaile aurretik pasatzeko zain dago.

Nik ez dut bideo osoa ikusi; jarraitzeko indarrik ez dut izan. Itzela da zein harrokeria eta inpunitatez egiten dion saltzaileari. Ez dakit Hannah Arendt-en gaiztakeriaren banalitatearekin duen zerikusirik, edota deshumanizazioarekin. Agian zineman edo telebistan ikusi ditugun fikziozko sorkuntza lanekin du zerikusia. Hainbeste ikusi ditugu, hain astakeria handiak, dagoeneko dena bilakatu zaigu fikzio. Sarraskiak fikzio edo errealitateari dagozkion ekoizpenaren arabera bereizten ditugu. Pelikula bada, fikziotzat hartzen dugu; albistegietan bada, aldiz, errealitate. Uste dut, baina, mugarri hori gero eta lausoagoa dela, eta nik ere ez dut hain argi, batzuetan, zein den zein. Irudi gaindosia ote? Ikus-entzunezkoen kontsumo zorabiagarriak anestesiatu ote gaitu? Likidoegi bihurtu dira gure mundua, gure hedabideak, gure pertzepzioa, gure burmuina, gure pentsatzeko gaitasuna? Slowtasuna ote irtenbidea? Nor izango da lehena tren bizkorraren galgari eusten?

Mundu hau toki hobea izan liteke; argi dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.