Hedoi Etxarte

Liburuak, pinballak, ipurtargiak

2024ko ekainaren 1a
05:00
Entzun

Inolako harrotasunik gabe onartzen dut neuri ere eragiten didala egungo liburuaren merkatuak duen tendentzia estetiko nagusietako batek: azalen arteko batailak. Honezkero liburuak ez dira, neurri handi batean tamalez, edukien gordailu bat, ez dira barrenean dutenarengatik tresnen kaxa bat, filosofo hark zioen bezala, ala gozamenerako substantzia bat. Egun, liburuak, desira hutsa dira, ez daukagun eta nahi genukeen denboraren desira, identitate bat eraikitzeko desira. Eta horrek lehia bat dakar liburuen azaletara: batzuk besteen kontra. Liburu-denden nobedadeen mahaietan, erakusleihoetan, azoketan, sarean: nork hartuko tokia, zein izango deigarrien, zein hautatuko duen liburu-dendan eskariak egiten dituenak azal bakoitzari dedikatzen dion segundo eta erdian. Eta hala, zeharo oharkabean pasa zitzaidan, Madrilgo Traficanteseko burkideek italieratik ekarritako Paolo Virnoren azkena, adibidez. Sant Andreuko zeruaren azpiko plastiko zuritik galdetu zidan Emmanuel Rodriguezek ea ikusia nuen nobedadea. Eta nik ezetz. Orduan liburua 383. orrialdean zabaldu eta esan zidan gustatuko zitzaidala: «Pasoliniri kritika egiten dio».

Halako batean 1991ko abuztuaren 23an argitaratutako Ipurtargien ostean pinballak ere desagertu dira artikulua irakurtzen ari nintzen. Bertan Virnok kontatu zuen nola, oso urte gutxitan, 1979 eta 1981 artean, pinballak Italiatik desagertu ziren. Pinballak txanponen bidez funtzionatzen duten «joko elektromagnetikoak» dira eta «beren jatorrizko habitat-a tabernak ziren eta indarrez bideojokoen aretoetara deportatu zituzten». Tabernetako topaleku nabarmen bat izatetik oroitzapen soil izatera pasa ziren, «lurrean klarionarekin trazatutako biktimaren ingurua». Pinballa eta Alderdi Komunista une berean hasi ziren gain behera, fabrika-hiri eredua desagertzean. 

1975eko Corriere della Sera-ko artikuluan Pasolinik industriarengatik desagertutako ipurtargiei egiten die negar. Virnok dio: «Ez, ez ditugu faltan sumatuko pinballak beste batzuk ipurtargiak faltan sumatu zituzten bezala. Satisfazio handiegia litzateke, arrisku handiegirik gabe, ipurtargien eta pinballen munduan agindu duenarentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.