Larrepetit

Liburuak ere, atez ate

2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Liburuaren sektorea krisian dagoela diote. Euskarri digital berriek industria modelo berria ekarri dute, eta hori eragin zuzena izaten ari omen da papereko edizioetan.

New Yorken moduko hiri batean, dezente irakurtzen den inpresioa dut. Hiritarrek, metroko bidaia luzeak arintzeko, parkeetako egonaldiez gozatzeko, irakurgairen bat poltsan eramatea ez da harritzekoa. Gero eta gehiago dira liburu elektronikoa erabiltzen dutenak, baina papereko edizioak erruz ikusten dira oraindik.

Aldaketa digitalak krisian sartu ditu liburu denda handiak: etxe ondoan neuzkan bi, Burns & Noble eta Borders, itxi berri dituzte. Gero eta gehiago baitira Internet bidez erosketak egiten dituztenak edo edizio digitalak behar dituztenak.

Kontrastean, hirian zehar, edozein kale bazterretan, bigarren eskuko liburuak saltzen dituzten postuak aurkitzea ere ez da harritzekoa. Gelditu, eta ikustekoa izaten da eskaintza! Denetik.

Baina bada hainbat hiritarrek liburuak irakurri ostean partekatzeko duten ohitura polit bat: batzuek laundry-etara (arropa garbitzeko lekuetara) eramaten dituzte, bizilagunek makinek lana noiz bukatuko zain egon bitartean zer irakurria izan dezaten. Eta beste batzuek etxe atarietara ateratzen dituzte liburuak, interesa duenak har ditzan.

Gipuzkoan, zorionez, atez ateko zabor bilketa zabaltzera doan honetan, zein polita izango litzatekeen nahi ez ditugun edo irakurrita dauzkagun liburuak etxeatarietan uztea eta edonork hartzeko aukera izatea. Zaborraren bilketarekin bezala, ohitura aldaketa txiki bat besterik ez liguke eskatuko.

Baina, zenbait herritar arraina lasai asko egunero jan ahal izango dutela jabetu bitartean, etaatez ateko zabor bilketa egitea erraza, merkea, osasuntsua eta denontzat onuragarria dela konturatu bitartean, proposamena orrialde honetan gordeta utziko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.