Nora Arbelbide Lete.
LARREPETIT

Liburuak baino gehiago

2020ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Larrepetit hau ostatuak itxiak dituen eta mendira joateko debekatua duen eremu batetik idatzia da. Konfinamendua dela-eta baita liburu saltzailearekin ateak hetsirik dituzten eremu batetik ere. Aitzinetik liburua Internet bidez edo telefonoz erreserbatu eta, liburu saltzailearekin edo mailegatzailearekin hitzordua hartuz, liburua eskuratzeko aukera ematen dutela, halere, batek baino gehiagok.

Baina eztabaida partitua zen jadanik aukera hori zabaldu aitzin. Eta nago eztabaida horretan ere ez dugula asmatu. Liburuaren premia aldarrikatzen hasi ziren Frantziako presidentearen diskurtsoa bururatu bezain laster. Egia da ez zuela hitz bat bera ukan kulturaren alde konfinamendua iragarri zuen egunean Emmanuel Macronek. Liburutegiak ireki behar direla. Liburuak, «ezjakintasunaren eta intolerantziaren harresi» horiek (azaroaren 1eko Le Monde-ko gutun publikoan irakurria). Postura.

Eta hasi da berriz ere kontrakoen eta aldekoen eztabaida. Adibidez, nolatan tabako saltzaileak irekiak eta ez liburutegiak. Edo hobeki errateko, hiri barneetako liburutegiak. Eta hor ere postura. Hiri barneetako liburutegi txikien defendatzaileak burgesak direla. Kontua da liburutegi txikien itxierak sortu haserrea baretzeko saltegi handi eta supermerkatuei liburuen salmenta debekatzea erabaki dutela agintariek. Jakinez eremu anitzetako herritarrentzat saltegi handi horiek direla leku bakarrak non liburuak eros ditzaketen. Hots, eztabaida laster bilakatu da: supermerkatuetako proletarioak versus hiri barneetako burgesak. Bizkitartean, hori bai, Internet bidezko saltzaile erraldoiek liburuak saltzen segi dezaketela.

Eta gu, bien bitartean, hementxe, mediatekan. Konfinamendu bezperan ehunka liburu mailegatzaileri harrera egiten. Eta konfinamenduaz geroztik, telefonoz eta emailez eskatu dokumentuak erreserbatzen, dokumentu metak prestatzen. Eta, aldiz, mediatekara ordenagailua eta Internet erabiltzera etorri nahi dutenei —etxean ez baitute horrelakorik— aldi honetan, ezin dutela ihardukitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.