Sarritan, estetikaren eta politikaren arteko eztabaidak azkar ixteko asmoz, formula zehatzak emateko joera dago. Hala gertatu da azken bi hamarkadetan ere, bai euskarazko, bai frantsesezko, baita gaztelerazko literaturako zenbait eztabaidarekin ere. Izan posizio politikoarekiko egileak izan behar zuen harremanean, izan lan batek behar zituen fikzio ala balizko errealitatearen dosietan, izan balizko esperimentazioaren ala konbentzionaltasunaren mailan.
Gero, berdin literaturan nola gastronomian ala sexuan, formulazioak ez du askorako balio. Axola duen bakarra emaitza da eta egin daiteke plater zoragarri bat hiru osagairekin ala hogeita hamarrekin. Horregatik interesatzen zaizkit, hain juxtu, maite ditudan idazleek euren poetika zuzenean ala zeharka azaltzen dutenean: egiten ari direnaz eta egin nahiko luketenaz ari dira. Sarritan erabateko fantasiatik, Célineren Entretiens avec Professeur Y izan daiteke horren adibideetako bat.
Testu mota horren gailurretako bat da Franz Kafkak duela 120 urte Oskar Pollak lagunari bidali zion gutun ezagunaren pasarte hura: «Jeneralean, uste dut liburuek hozka eta harramazka egin behar dutela. Irakurtzen dugun liburuak ez bagaitu esnatzen kaskezurrean joko gintuzkeen ukabilak bezala, zertarako irakurtzen dugu? Zoriontsu izateko? Ene Jainkoa, zoriontsuak ginateke ere libururik ez bagenu, eta beharrezkoa balitz, guk geuk idatz genitzake zoriontsu egingo gintuzketen liburuak. Behar ditugunak dira zorigaitz mingarri batek bezala kolpatzen gaituztenak, geure burua baino gehiago maite genuen norbaiten heriotzak bezala, oihan urrunetara desterratu gaituztela sentiarazten gaituzten liburuak, giza presentziatik urrun daudenak, suizidioaren antzekoak. Liburu bat barruan dugun itsaso izoztua puskatzen duen aizkora izan behar da. Hala uste dut nik behintzat».