Groenlandiako hauteskundeen karietara, Hernando de Larramendi esploratzailea du telefonoaz bestalde Carlos Herrera kazetariak. «Eta hor, Groenlandian, geratzen da natiborik batere?». Bostetan saritua izanak ez du ezjakintasun kolonialistatik libre uzten jauntxo andaluza. «Ehuneko 70 edo gehiago da bertokoa. Eredu da beste herrialde askorentzat».
Ez du Herrerak baino askoz gehiago jakingo Donald Trumpek. Berari bost horrek. Jendea barik, lurmentzen hasitako eremuak nahi baititu gizon laranjak meategi aberatsak ustiatzeko eta, izotza urtzen ari delarik, baita Artikoko pasabidea ere, ontzientzat. Beste horrenbestetan dabil Kanadarekin. «Hau guretzat», dio ume bullyak; «eta beste hau ere bai». Astakeriaz astakeria moldatu gogo du estatubatuarren pentsamendua, dena euren beharretarako ezinbestekoa dela sinestarazita, luze gabe «interes nazionalen defentsa» bihurtzeko.
Costa Gavrasen Missing filmean, seme desagertuaren bila dabil Jack Lemmon Txilen. Ez zaio buruan sartzen bere gobernuak zerikusirik duenik Pinocheten estatu kolpearekin. Sissy Spacek erraina duela lagun, hunkigarria gertatzen da gizonaren transformazio ideologikoa. Estatubatuar enbaxadorearekin eta haren aholkulari militarrarekin solasean, ikusten ari denaz izututa ageri da. Diktadura ezartzen laguntzen ari direla leporatzen die Lemmonek. Erantzuna masailekoa da. «Zure semea ez balitz, interesik izango zenukeen hemen gertatzen denaz?». Eta to propina: «Nola uste duzu eusten diozula zure bizi-mailari ez bada amerikar interesak eta gure enpresenak gordetzen ditugulako kosta ala kosta?».
Ez da erantzun txarra guretzat ere, Trumpen pailazokeriekin iji eta aja libertitzen garen artean.