Sturgeonek dimisioa eman eta lehen aldiz kasu eman diot hedabideen ohiko paisaia osatzen dutenetako emakume honi, baina ingelesezko Wikipedian ez dago deus haren hizkuntzaz edo hizkuntzez. Arraioa. Foro antzeko batean era guztietako erantzunak jaso ditut. «Bai, badaki Eskoziako gaeleraz. Jendaurrean askotan hitz egin du. Erraz egiten du». «Ez, baina eskoziera hitz egiten du, normala denez, bera ez baita Lur Garaietakoa, Behe Lurretakoa baizik». «Ez, inondik ere ez, eta SNP bere alderdia ere ez da gai honetaz kezkatzen». «Gure independentismoa ez da lingustikoa edo kulturala, politikoa baizik. Gaelikoz ez dakigunok besteak bezain eskoziarrak gara».
Gizakion funtsezko berdintasunaren aldeko ezusteko datu-bilketa honekin batera, argi ez neukan kontu batez jabetu naiz: ingelesa munduaren jabe egiten ari, eta etxeko ganbaran ez hizkuntza bat, baizik bi ditu, bata germanikoa eta bestea zelta.
Eztabaida omen dago eskoziera hizkuntza ote den, ala ingelesaren dialektoa. Wikipediak dio, fatalismoz, hizkuntzaren eta dialektoaren artean bereizteko irizpide unibertsalik ez dagoela. Alabaina, bi irizpide sendo ditugu. Nork erabakitzen duen, edo zerk erabakitzen duen (ejerzitoa aipatu ohi da), eta harena da hizkuntza. Honatx irizpide pragmatikoa.
Beste bat ere badago: hizkuntzaren historiarena. Bakarra, adituak aditu balira, eta ez iritzi-emaile merkeak. Goi Erdi Aroan Britainia Handira mendebaleko hizkuntza germaniko bat heldu zen, anglosaxoiera, bertan mintzo ziren hizkuntza zeltak (eta balizko latina) leku askotatik uxatu zituena. Egia esan, hizkuntza bat ez, zenbat gizatalde hainbat aldaera baizik, gerora ere noiz bakoitza bere aldetik, noiz batak bestea eraginik aldatuz segitu zutenak. Ingelesaren Historia omen hau guztiau, baina gaurko erraldoiaren alturatik begiratu beharrean behe-behetik begiratuko bagenio: zeren historia litzateke?
LARREPETIT
Leku on bat da Eskozia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu