Manex Agirre.
LARREPETIT

Lehenengo jaunartzea

2017ko maiatzaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sergi Pamiesen Limoi bat imintziorik gabe jaten baduzu (Txalaparta, 2011) liburuko Txangoa ipuinaz oroitu naiz joan den asteburuan. Gauza asko daude ezinbestekoak bizitzan; adibidez, bere barruan daraman ustezko umea (ez naiz haurdunez ari) behin eta berriz aldarrikatzeaz nekatzen ez den heldu horrek ere badaki inoiz utzi ziola ume izateari, egon zela denboraldi dramatiko samar bat, dimentsio batetik besterako jauziak iraun artekoa. Baina drama ere bada eder, eta hala erakusten du Pamiesek, aipatu ipuinean: aitak umea eraman du txango batera, berak «belaunaldien arteko gatazka» deitzen duen gauza bat erakutsi nahi baitio. Umeak ikusiko du, iristen direnean, aitak titulu misteriotsu horrekin izendatzen duena, finean, amildegi bat besterik ez dela. Apur batez ikusmirari begira egon, eta itzuli egingo dira, eta umeak kontatuko du nola, bueltan, ia nahi gabe, aita beragandik urrunago ikusten duen, ama zaharrago, eta etxeko apalak ez lehen bezain altu. Eta, egun horretan, lotara joan aurreko musua eman beharrean, «gabon» esaten die gurasoei, apal, esateaz lotsaraziko balitz bezala.

Ignacio Aldecoaren Itsasoaren eta zeruaren artean ipuinaren oihartzunak ditu Pamiesenak. Gordina bezain ederra da Aldecoarena ere, bere garaikoagoa agian: mutil bat dago ipuinaren hasieran, itsasoko olatuei begira, eta mutil bera bukaeran ere, itsaso berberari begira. Dena da desberdin, ordea: ipuinaren une batean mutilak jakingo du lehenengoz arrantzara, lanera, joateko aukera emango diotela. Itsasoari begiratzeko duen modua aldatuko zaio, bera ere aldatu egingo baita (baitute?).

Asteburuan oroitu naiz biez, jatetxe batean geundela, aspaldiko partez tokatu baitzait ondoan lehenengo jaunartze baten ospakizun anpulutsua, zeta-belusezko soineko eta marineltxo praka-motz eta guzti. Ezberdina da dramatikoa delako ederra izatea, edo zatarra delako izatea dramatikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.