Maider Galardi

Lehen aldiak

2025eko otsailaren 13a
05:00
Entzun

Ez naiz bereziki adrenalinazalea. Lagunei beti esaten diet zertarako behar ote dudan nik jolas-parkeko errusiar mendi altuenera igo, esnatu orduko tximeleta horiek sabelean dantzan baditut. Ez da plazeragatik, antsietateagatik da, baina tira, zer egingo diogu, halaxe dago nire gorputza, ekilibristaren sokan dantzan oso maiz. Aitortu behar dut, halere, Port Aventurara joan nintzen lehen —eta azken— aldian, S-rekin eta I-rekin eduki nuen egunpasa nire nerabezaroko onenetarikoa dela. Ikasbidaian joan ginen Bartzelonara eta jolas-parkera, eta noski, gure kuadrilla guztia zegoen asaldatuta eta pozarren Dragon Khanetik Furios Bacora jauzika. Guk gure gozamen propioa bilatu genuen elkarri izuti begira, eta elkarri eskutik helduta: trentxoa, Tutuki Splash, dantza saioak han eta hemen… lasai joan ginen elkarren beldurrei neurria hartzen eta hiruron babesean apurka adrenalina maila igotzen. «Egingo dugu hau?» galdetzen genion elkarri, eta baten bat ez bazegoen prest, beste norabait joaten ginen. Atzera bota zenak iritzia aldatuz gero, ausartzen ginen atrakzio arriskatuago batera igotzen. Eta aizue, azkenean probatu genuen Dragon Khan.

Asteburu honetan mendian ibili naiz, aurrenekoz erraketekin elurretan, eta ia lehenbizikoz iraupen eskia egiten. Beldurrak inbaditu nau oraingoan ere, eta goiz erdia pasatu nuen aldapa behera bakoitzean eskiak kentzen. Imajinatu dezakezue taldearen desesperazioa, nahiz eta asko maite nauten eta disimulatzen saiatu ziren. Aurrera bidali nituen azkenean, ailegatuko nintzela helmugara nola edo hala, baina ez ninduten une batean ere bistaz galdu, eta, nire begirada izutiak haien konfiantzazko begiradarekin topo egiten zuen bakoitzean, handiagoa egiten nintzen. Ia helmugan, A-ri esan nion: «Jantziko ditut eskiak, eta aldapatxo hau jaitsiko dut». Errespetatu genituen denborak, eta azkenean, malda jaisteko moduan izan nintzen. Hori bai, belaunak dardarka ditut oraindik urduritasunagatik eta kuña egiteagatik etengabe.

Oxala lehen aldi guztiak, lanekoak, unibertsitatekoak, sexu eta muxuzkoak, jendaurrean hitz egin behar duzun aldi horietakoak, kotxea hartzen duzunekoa ere… halakoxeak balira, zure denbora eta izua errespetatzen duten jendez inguratuta. Tximeletak sortzeko modukoak, bai, baina tripak irauli gabe.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.